NAIZ

Haurrak txertatu? Zenbait datu zientifiko Izortze Santinen eskutik erabakia errazteko

Haurren txertaketak sortu dituen kezkak eta zalantzak argitu nahian, Izortze Santin EHUko biologia eta biokimika molekularreko ikerlariak zenbait datu zientifiko eman ditu Twitter bidez, erabakia erraztu ahal izateko.

Haur bat covid-19aren kontrako txertoaren lehen dosia jasotzen, Vienan. (Joe KLAMAR/AFP)
Haur bat covid-19aren kontrako txertoaren lehen dosia jasotzen, Vienan. (Joe KLAMAR/AFP)

Lakuak astearte honetan iragarri du 5-11 urte arteko haurrak covid-19aren kontra txertatzen hasiko dela datorren abenduaren 15ean, Estatuko Osasun Publikoaren batzordeak argi berdea eman ondoren. Haurren txertaketak sortu dituen kezkak eta zalantzak argitu nahian, Izortze Santin EHUko biologia eta biokimika molekularreko ikerlariak zenbait datu zientifiko eman ditu Twitter bidez.

Azaldu duenez, 5-11 urte haurrengan egindako Pfizer txertoaren entsegu klinikoan 2.268 haurretan (1.517k jaso zuten txertoa eta 751k plazeboa) inork ez zuen pairatu albo ondorio larririk, ezta AEBetan ere, non bost milioi haurrek baino gehiagok jaso duten covid-19aren aurkako txertoa.

Entsegu klinikoan, soilik ohiko albo ondorio arinak pairatu zituzten aipatu adin tarteko umeek: sukarra, mina ziztadaren lekuan, nekea eta buruko nahiz giharretako mina.

Batez ere 16 urtetik gorako nerabeengan atzeman diren miokarditis eta perikarditis kasu arraroak ez dira eman 5-11 urte bitarteko haurrengan.

Bestalde, haurrei ere bi dositan banatuta ematen zaie pauta osoa, beraien kasuan, 10ug-takoa dosi bakoitzean, hau da, helduek jasotzen dutenaren herena. Eta covid-19aren aurkako eraginkortasuna %90,7koa da, Santinek Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroren (ECDC) txostena aipatuz argitu duenez.

Umeak txertatzeari esker, populazio osoan ematen den covid-19aren transmisioa gutxituko litzateke; estimazioen arabera, birusaren Rt-a %11 jaitsiko litzateke, Santinek azpimarratu duenez.

Covid-19aren eragina haurrengan

Oso ezohikoa da haurrek covid-19aren ondorioz gaixotasun larriak garatzea. Birusarengatik hiltzeko probabilitatea %0,003koa da, ZIUn ingresatzekoa %0,06koa eta ospitaleratua izateko arriskua %0,61.

Baina, kasu: arrisku faktoreak zituzten umeetan ospitaleratua izateko arriskua 12 bider handiagoa da (%7,32) eta ZIUn ingresatzekoa 19 aldiz handiagoa (%1,14).

Covid-19aren ondorioz sindrome inflamatorio multisistemikoa garatu dezakete haurrek. Gaixotasun larria izan daiteke garaiz ez bada tratatzen eta, normalean, ZIUn ingresatzea eskatzen du, Izortze Santinek jaso duenez. Halere, kasu honetan ere gaixotasun hau garatzeko arriskua oso txikia da: AEBetako ikerketa baten arabera, 10.000 haurretan hiru (%0,03) gaixotu daitezke.

Bestalde, koronabirusa izan duten umeen %4k epe luzeko sintomak izan ditzakete, hau da, gaixotasuna igarota lau astera ere nekea, kontzentrazio falta edo arnasteko arazoak izan ditzakete. Luzerako sintoma hauek sei hilabete baino gehiagoz ere luzatu daitezke.

Pandemiak bestelako eraginak ere baditu umeengan. EHUko ikerlariak gogora ekarri duenez, «eguneroko interakzio sozialen eta hezkuntza aktibitateen etenaldiak antsietatea eta atsekabea eragin die», eta «berrogeialdiek eragina dute umeen hezkuntzan, bereziki pandemia aurretik ikasketekin arazoak zituzten umeetan».