NAIZ

Desgaitasuna duten pertsonentzako lehen etxebizitza martxan jarri dute Nafarroan

Tuterako erdigunean kokatuta, bost gizonezko bizi dira bertan. «Orain, etxebizitzan, bizitza normalduagoa izango dute, pisu batean, komunitatean integratuta», nabarmendu du nafar Gobernuak.

Desgaitasun intelektuala eta laguntza premia handiak dituzten pertsonentzako lehen etxebizitza, Nafarroan. (Nafarroako Gobernua)
Desgaitasun intelektuala eta laguntza premia handiak dituzten pertsonentzako lehen etxebizitza, Nafarroan. (Nafarroako Gobernua)

Nafarroako Eskubide Sozialen Departamentuak abian jarri du desgaitasun intelektuala eta laguntza premia handiak dituzten pertsonentzako lehen etxebizitza. Tuterako erdigunean dago, eta 24 eta 36 urte bitarteko bost pertsona bizi dira bertan.

Plazak Eskubide Sozialen Departamentuarekin hitzartu dira eta urtean 285.000 euro inguruko inbertsioa suposatzen dute, Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Bertan bizi diren pertsonek mendekotasun maila handia dute, eta orain arte, tradizionalki eta behar duten laguntza premiengatik, egoitza zentro batean sartu behar zuten. «Orain, etxebizitzan, bizitza normalduagoa izango dute, pisu batean, komunitatean integratuta», adierazi du nafar Gobernuak. «Horixe da gure helburua, pertsonak desinstituzionalizatzea. Bizitza normalizatua izatea, komunitatean integratuta, kasu bakoitzean behar dituzten laguntzekin», gehitu du Carmen Maeztu Gizarte Eskubideen sailburuak.

«Pertsonek eskubidea dute etxebizitza komunitario batean nola bizi eta zaindu nahi duten zehazteko eta beren bizi proiektua etxebizitza komunitario batean garatzeko, beharrezko laguntzarekin bada ere», nabarmendui du Maeztuk etxebizitzara egindako bisitan.

Desgaitasunari «arreta integrala» emateko La Atalaya zentroak kudeatzen duen etxebizitza berrian bost gizonezko bizi dira, Erriberako hainbat eremutatik etorriak; zehazki, Buñueldik, Cintruenigotik, Milagrotik eta Tuteratik. Horietako lau haien familien etxean bizi ziren, egoitzako plaza baterako zain, eta bosgarrena zentro batetik iritsi da.

Etxebizitzak «atsedenerako plaza bat» ere badu, hala eskatzen duten beste pertsona batzuen aldi baterako beharrei erantzuteko.

Instalazioak, era berean, «erabat» birgaitu dira, lehen bulegoak baitziren, eta bertan bizi diren pertsonek etxeko gela eta espazio komunen dekorazioa eta ekipamendua aukeratzen parte hartu dute. Bertan, bizikidetzak dakartzan eguneroko zereginak egingo dituzte, dituzten aukeren arabera. Zaintzaileen 24 orduko laguntza dute horretarako.