Markel Agirregabiria

Badiatik abiatu eta Hatortxurako bidea egingo du Puerto Santa Marian sortutako gitarra batek

Espetxe batean jaio, Pasaiako badian hazi eta orain Hatortxu Rockerako bidean da gitarra. Bidean, Pasaia, Gasteiz eta Berriozarren joko dute hainbat musikarik, baina berak dagoeneko badakar bere doinua: ‘Badakit badakiela’.

Itzuleraren Hatortxu izango da uztailaren azken asteburuan Atarrabiak hartuko duena. Pandemiak behartutako bi urteko etenaren ostean, bueltan elkartasun jaialdia. Edizio hau aurkezterakoan antolatzaileek nabarmendu zuten pandemiak «elkartasun ekimen gehienak» utzi zituela bertan behera, baina dispertsioak eta espetxe politikak berak bizirik jarraitzen zutela bitartean. «Ezin ekuazio negatiboagoa». Ekimen horietako bat izan zen Pasaiako badiaren inguruan sortutako Gitarra Plazara izenekoa. Orain, biek eskutik hartuta eginen dute aurrera.

Beste istorio ugari bezala, hau ere taberna batean hasi zen, mila kilometroko bidaia luze baten ondoren. Han zegoen, Jonen eta Enrikeren gitarra. «Harribitxi bat zen, hormigoizko basamortu batean erditua, auzotik ehunka kilometrora, haien eskuek eta ametsek artisauaren patxadaz sortua Puerto Santa Marian», azaldu dute ekimena aurkeztu duten Garazi Castañok, Ander Iriartek eta Haritz Lujanbiok.

«Elkar ezagutu eta berehala Woody Gutrie-ren gitarra hura ekarri zigun gogora». Musikari estatubatuarrak zerabilen gitarrak desjabetu eta grebalari ugariren borrokak lagundu zituen, bere tapan “This machine kill fascists” leloa idatzita. «Berehala sentitu genuen gitarrak pitzatu egiten zuela horizonte bakar gisa ezarri nahi diguten harresi hori, harresiak birrintzeko makina bat zela, isolamendua eta urruntasuna gainditzeko makina bat, itxikeriaren aurkako makina. Presoak gure plazetaraino teletransporta ditzakeen makina bat. Espetxea bera kalera atera dezakeen makina bat». Eta hor jaio zen Gitarra Plazara ekimena.

Pandemia aurretik jaio zen, baina linbo batean geratu denbora luzez. Orain, berriz ere, gitarra horren baitan biltzea proposatu nahi diete herritarrei. «Gure militantzia politikoaren edo lagun eta senideen militantziaren ondorioz espetxea ezagutu dugunok ezin dugu beste alde batera begiratu, ezin dugu dispertsioaren amaiera ala preso politikoen etxeratzea eskatzera mugatu. Munstroa ezagutzen dugulako, pertsonak txikitzeko tresna dela badakigu, pobreen eta matxinoen edukiontzi bat».

Pasaia, Gasteiz eta Berriozar

Pandemiak eten bai, baina beharretik indartu da berriz ere ekimen hau. Hatortxu Rock elkartasun musika jaialdiak, azken bi urteetako parentesi behartu honen ostetik, bi eguneko jaialdi berezi bat antolatu du uda honetarako.

Duela 23 urte Iruñerrian jaio zen ekimena, beste ekimen solidario guztien antzera: lagun gutxi eta borondate asko. Urteen eta auzolanaren poderioz 26. edizioa izango da uztaileko azken asteburukoa, jaio zeneko helburu berberekin, euskal preso politikoek pairatzen duten dispertsioa salatu eta euskal errepresaliatu politikoen senideei babesa eman, ekonomikoki ere lagunduz. «Ezin dugu ukatu azken hilabeteetan pausoak eman direla, preso asko Euskal Herriratu egin dituztela. Baina azken 23 urteetan errepikatu dugun moduan, helburua espetxerik gabeko etorkizuna da, euskal preso politikoen kopurua 0 izango den egun hori», dio Hatortxu Rockeko antolakuntzak.

Eta indarrak batzeko bide horretan egin dute topo Jonen eta Endikaren gitarrarekin eta ekimenarekin. «Badiatik Atarrabiarainoko bidea eginen du eta Hatortxu Rocken elkartasun horri guztiari forma emanez».

Bide horretan, Pasaian izanen da, ekainaren 3an. Gasteiztik ere igaroko da, ekainaren 17an. Eta, azkenik, uztailaren 8an, Berriozarren egingo du geltokia, sanferminetan presoen senideek egin ohi duten bazkarian. Leku bakoitzean artista ezberdinek hartuko dute eskutan gitarra.

‘Badakit badakiela’

Eta bide horri ekin aurretik, gitarrak izan du bere ibilbidea. Koldo Soret, Juantxo Arakamak eta Morok sortu eta forma emandako ‘Badakit badakiela’ abestia ere aurkeztu dute, lerro hauen gainean ikusi eta entzun daitekeena eta elkartasun bide honen soinu banda izango dena.