
Udako azken txanpan sartu gara, pare bat astetxo besterik ez zaizkio falta, baina Euskal Herriko herriek ez dute etsitzen eta festarik festa jarraitzen dute. Oraingoan, Bizkaira goaz, Elorrion, Mamarigan eta Sopelan jaiak ospatzen direlako.
Elorriotarrek irailak 5 eta 15 bitartean Ferixa Nausikoetaz gozatuko dute. Txosnak ostiral honetan zabalduko badituzte ere, hasiera ofiziala irailak 6ean izango da. Aurtengo txupinazoa pertsonak zaintzen eta etxeko lanetan diharduten emakumeek botako dute. Grettel Antonia Diaz Gutierrez nikaraguarra da kolektibo horretako kideetako bat. «Pozez hartu genuen proposamena, kontuan hartzen gaituztela sentitu baitugu. Normalean ezin izaten dugu ekitaldi horretan egon zaintza-lanetan aritzen garelako, baina aurten jaiei hasiera ematea ohorea izango da; Elorriok oso ondo hartu gaitu», esan zuen omenduen bozeramaileak.
Egitarauari begira, aurreko urteetako ekimen arrakastatsuek tokia izango dute beste behin. Txikienek bitsaren festak, jolasak eta haur parkeak izango dituzte eskura, gaztetxoek aktibitate piloa Ganondo parkeko uhartean, eta nagusienek euren egun berezian (irailak 12) mendi ibilbidea, meza, luntxa eta dantza moduko ekitaldiak.
Horrez gain, zuzeneko musika anitza izango da: elektronika, erromeria, fanfarria, karaokea, DJ festak, saltsa, folka edota mariatxiak, eta gehienak euskaldunak.
Ikuskizunen artean, gainera, bertsolariak, kaleko antzerkiak, zirkua, dantza garaikidea eta erraldoiak egongo dira; eta guneei dagokionez, plazan antolatuko dira ekitaldi gehienak, baina Urarka-Esteibarlandan, Aldatsekuan eta txosnagunean ere hainbat emanaldi ikusi ahalko dira.
Tradiziozko ekintzek ez dute hutsik egingo, ezta, nola ez, jaiei izena ematen dien Ferixa Nausiak ere, irailaren 7an.
Horrekin batera, aipagarria da Elorrioko kirol taldeek izango duten protagonismoa, lagunarteko futbol, saskibaloi eta eskubaloi norgehiagokak jokatuko baitituzte.
Informazio honen babesleak: Bikale taberna, Zubiertz taberna, Parra taberna, Portalekua taberna, Frontis taberna eta Elorrioko udala.

Mamarigan, berriz, festak irailaren 5etik 14ra ospatuko dituzte. Zaida Fernandez, Ainhoa Urberuaga eta Katia Ortueta idazleak izango dira pregoilariak. Fernandezek memoriari buruz idatzi izan du, ikuspuntu feminista batetik; Urberuagak egunerokoaren eta salbuespenaren arteko zubiak eraiki ditu; eta Ortuetak fantasiaren bidez mundu magikoaren ateak zabaldu ditu.
Ostiral honetan, hila 5, 20.00etan hasiko dira festak ofizialki, eta pregoiaren ostean Txapelo, jaietako pertsonaia, iritsiko da. Txapelo sardina bat da... eta hain justu festen hasierarekin batera, sardina-jana egingo dute.
Hurrengo egunean maskarada eguna izango da auzo santurtziarrean. Hala, maskarak jantzita bertaratzera animatzen dituzte denak (irailaren 13an mozorro eguna ospatuko dute baita ere). Koadrilen kantu poteoa eta bi bazkari ospatuko dituzte; tupper bazkari herrikoia eta adinekoen bazkaria.
Gauean, sardinak izango dira berriro protagonistak, zezensuzkoa beharrean, suzko sardinak aterako baitira.
Datozen egunetan haurrentzat, puzgarriak, DJa, apar festa, tailerrak, txokolatada eta buruhandiak izango dira, besteak beste. Heldu zein haurren koadrilentzako herri kirolak eta play back saioak izango dira. Horrez gain, pala, igel-toka, mus eta futbito txapelketak jokatuko dituzte, baita beste bi lehiaketa gastronomiko ere, tortilla eta marmitakoarena.
Musikari dagokionez, askotariko saioak eskainiko dira, baina bereziki ederra izango da irailaren 10eko kontzertua. Egun horretan Mikel Laboari omenaldia egingo diote auzoko musikari, artista eta sortzaileek, 20.30etan.
Azken egunean, irailaren 14an, egitaraua benetan betea dago, eta 10.00etatik hasita, 12 orduz, etengabe izango dira gauzak kalean. Tartean, artisau eta nekazarien azoka, dantza alardea edota fanfarria. Txapelo sardina 22.00etan erreko dute, azken trakarekin batera.
Informazio honen babesleak: Ahizpak taberna, Degustación Arraun eta Antolin joyeros.
Euskal Jaia Sopelan
Irailaren 6an eta 7an, euskal giroa izango da nagusi Sopelan: Euskal Jaia ospatuko dute. Euskal kulturak eta ohiturek presentzia nabarmena izango dute, eta, horretarako, egitarau zabala prestatu du Sopelako Udalak.
Larunbat goizean hasiko dira ekintzak. Urtero legez, nekazal azoka egingo dute Udaletxeko plazan, 10:00etatik 15:00etara. Askotariko produktuak erosteko aukera egongo da: barazkiak, fruta, gazta, ogia, pastelak… Jauregizar plazan, berriz, umeentzako tailerrak egongo dira, 11:00etatik 14:00etara.
Goiz guztian zehar, Barinatxe txistu taldearen kalejira izango da eta eguerdian, Sopela Kantari taldeko kideek herriko kaleak alaituko dituzte. Iluntzean, "Zaharrak berri" dantza eta musika ikuskizuna izango da Arineketan taldearen eskutik Udaletxeko berdegunean.
Iganderako, Zirrimarra elkarteak kanpoko pintura lehiaketa antolatu du. Lehiaketa hori helduei zuzenduta egongo denez, umeentzako pintura lehiaketa ere egingo dute 11:30ean.
10:00etatik aurrera, berriz, sukalki txapelketa egingo da Udaletxeko plazan. Horrez gain, artisautza azoka ere egongo da goizean zehar udaletxe inguruan, 12:00etatik aurrera, herri kirolen txanda izango da eta, goiz osoan zehar, Sopelako panderojoleak arituko dira giroa alaitzen. Eguna amaitzeko, dantza garaikideko ikuskizuna izango da Udaletxeko berdegunean.
Informazio honen babeslea: Sopelako Udala.

Rozalén y Fernando Velázquez publican una versión del villancico ‘Hator hator’

El rock escocés homenajea al artista norteamericano Dennis Hopper

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Glutenik gabeko garagardoak digestio mailako ondoeza eragin dezaketen konposatuak izan ditzake
