MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

«GRaldeketa»

Erreferenduma egingo dute gaur Grezian, Troikaren baldintzak onartzen dituzten ala ez erabakitzeko. Tsiprasek eta bere gobernuak erakutsiko dute berriz ere gauzak egiteko beste eredu batzuk posible direla. Ados egon ala ez, beste modu batzuk posible dira. Mehatxupean ari dira Grezian eta mehatxupean ari da etengabe Syriza. Mehatxua ez da, gainera, azken egunotakoa. Hauteskunde kanpainan beldurra barreiatzen saiatu zirenak gogoratzea baino ez dago, bai etxean eta baita guztion etxea behar lukeen Europan ere. Syrizak hauteskundeak irabaziz gero munduko kalteak etorriko omen ziren. Zoritxarrez kalte asko bereganatuak zituen Greziak lehendik ere, baina Syrizak hauteskundeak irabazi izanak ez dizkio gehiago ekarri. Europak jarrera aldatu zuen apur bat Greziako herritarrek erabakitakoaren aurrean, baina, Yanis Varufakisek Bruselara egindako lehen bidaian, deabrua ikusi balute bezala aritu ziren batzuk.

Ordutik, Europak berriro funtzionatu du beti bezala eta Grezia ito nahi izan du, Syrizak hauteskundeak irabazi arte egin nahi izan zuen modu berean. Oraingo honetan, ordea, ez zaio hain erraza egiten ari. Eta, gainera, gauzak ez dira hain sinpleak. Grezia baztertu dute eurotaldetik, Tsiprasek berak eurogunearen historiako «egun beltza» zela esan zuelarik, baina ez da hain erraza Europarentzat ere, ez da hain erosoa Grezia eurotik kanpo uztea.

Nazioarteko Diru Funtsak izandako jarrera gordina izan da. Aurrezkiaren pisua pentsiodunengan jarrarazi nahia onartezina bilakatu da egungo agintarientzat eta oso larria da, bestalde, BEZarekin Greziarentzako sektore ezinbestekoa den turismoarenari sor liezaioketen kaltea.

Etxe barruan, oposizioa hauteskunde osteko egunik emankorrenetan ari da ez zaiola “bai” edo “ez” austeritateari esaten ari, euroari baizik. Eta hori guztia gutxi balitz, alderdi barruan ere Tsiprasek egoera ez du guztiz bare, esan zutenetik egiten ari direnera jarrerak asko malgutu baitituzte.

Tsiprasek duela astebete erreferenduma eskatzeko parlamentuan egin zen eztabaida luze eta gogorrean (178 aldeko boto izan ziren, 129 kontrako eta abstentziorik ez), galdeketa egiteko erabakiak ez zekarrela Europarekiko haustura esan zuen, baina onartu zuen Europak gustuko ez duen taktika bat dela, Europa haserretu duena. Europak ez du egia esan Greziak erreferenduma deitzearekin negoziaketarako aukera apurtu duela esaterakoan. Gertatzen dena da Europak ahaztua duela, dirudienez, politikoki eta demokratikoki erreferenduma baino bide argiagorik gutxi daudela. Europa azken urteetan oso ongi moldatu izan da bide nahikoa lausoekin. Europak men egin die batasun politikorik gabe, zalantzazko batasun ekonomiko batean botere finantzarioak jarritako baldintzei. Inolako kontrolik gabe eta inolako ondorio eta emaitzarik eskatu gabe. Greziak erakutsi du ez dagoela horretarako prest, posible dela neurri batean Europari aurre egitea eta posible dela Europak normalean erabiltzen dituenak baino bide demokratikoagoak erabiltzea, galdetzea. Ez da lezio txarra.