MIREN AMURIZA
IRITZIA

Nora doazen hegaztiak

Bazen behin gizon txapeldun bat, bere begi sakon eta masail leun, nahinor hunkitzen zuena. Zorro txiki bat hartuta ibiltzen zen batera eta bestera, paparra alderik alde gurutzatzen zion uhalean hamaika pin eta txapa eskegita: presoak, murrizketak, gazteak, etxegabetzeak, borroka feminista… Berak aldarri moduan josi zituen arren, herriak emaniko kondekoraziotzat ere har zitezkeen ikurtxoak. Zorrotik argazki makina atera, eta edonoiz egoten zen prest une iheslariak erretratatzeko. Zortekoak kamera haren memoriaren txokoren batean gauden denok. Periko Solabarria Bilbao, Lutxanako Periko gurean, aitarekin batera Zamorako apaiz-kartzelan egona eta etxean makina bat bider aipatua; egunotan beste askok egin duten moduan, neuk ere lerro hauekin agurtu gura nukeena.

Demagun kamera hartako erretratuak errebelatzen ari garela gela ilun batean. Eta demagun, sokan zintzilikatu berri dugun argazkia 60ko hamarkadaren hasieran ateratakoa dela, zuri-beltzekoa. Neska bat ageri da bertan, haurtxo bat besoetan duela. Garai hartan Barakaldoko Santa Teresa parrokiako abadea zen Solabarria. Behinola, emakume gazte bat joan zitzaion elizara laguntza eske, kale gorrian geratu zela eta ea nora jo zezakeen. Bada, Perikok bere etxean hartu zituen ama-umeak eta eskandalu itzela sortu zen inguruetan, baita Gotzaindegian ere. Elizako goi-karguak ere kontuak hartzen hasi zitzaizkion halako nabarmenkeriarik ezin zutela onartu-eta. Abadeak, baina, zera erantzun zien: «Neska hau Ama Birjina izan balitz, ez al zenuten etxean hartuko? Bada hauxe da gaurko Ama Birjina...». Azalpen gehiago behar ez duten antzeko irudi mordoa topatu dut sarean asteon, «eskerrik asko» batekin baino izenpetu ezin daitezkeenak. Horixe adierazi gura izan zioten Perikori joan zen domekan Barakaldon elkartu ziren ehunka lagunek ere; miresmena eta esker ona. Adorez hartu zuen hitza Enara alabak eta kontatu zuen zelan egun batzuk lehenago urretxindor bat pausatu zen ospitaleko leihoan. Perikoren azken arnasa hartu eta hegaz urrundu ei zen, kantuan. Enararen berbek udazkeneko arratsalde batean entzun nuen elkarrizketa hauxe gogorarazi zidaten:

«Banku batean jarrita zeuden aitita-lobak, gizona kanpandorrera begira eta umea bokadiloa jaten. Halako batean zikoina bat aireratu zen eta laino artean aldentzen ikusi zuten hura ere. Isil-isilik geratu zen agurea eta zer ote zuen galdetu zion haurrak. ‘Hegaztiak nora joaten diren pentsatzen ari nintzen’, azaldu zion. ‘Eta ez al dira berriz etorriko?’, ziotson txikiak ezpain ertzetako txokolatea miazkatzen zuen bitartean. ‘Itzuliko dira, bai. Mundua borobila da eta batetik ez bada bestetik, beti itzultzen dira’».