amagoia mujika
IRITZIA

Sanferminak

Behinola, etxera joateko presarik batere ez genuenean –hurrengo egunak egiatan bakartiak, isilak, lasaiak eta luzeak zirelako; aje egunek behar duten bezala– Iruñeko sanferminak oso barrutik bizitzeko aukera izan genuen, barrunbeetatik; bihotzetik, oinetatik edota ipurditik, unearen arabera mina eta poza gorputzaren parte batean edo bestean sentitzen duelako parrandazaleak.

Sanferminen aurreko hiri eder-ordenatu-garbia ezkutatu egin zitzaigun txupinazo alternatiboaren xanpaina begietatik apartatzea lortu genuenerako eta norbaitek eskutik tira egin zigun, korrika alde egin genezan. Poliziaaaaaaa! Hau al zen entzierroa?

Jendetzaren artean galdu genuen kolore eta usain propioa, sanferminetako orban kolektibo horren parte bihurtzeko. Halako batean lortu genuen atari batean babes hartzea. Atea presaka itxi eta bizkarra atearen kontra jarrita saiatu ginen arnasa bere onera ekartzen. Berandu zen, ordurako gure zapatilak zikinak eta likatsuak zeuden eta Iruñeko kaleen jabetza izango ziren hurrengo egun eta gauetan. Guk ja ez genuen aginterik gure zapatilen gainean. Gakoa zen gure pausoak gurea izaten segi zezala.

Hiri eder-ordenatu-garbia ezkutatu zitzaigun lehenbizi eta, segidan, normal samarrak ziruditen Iruñeko lagunak. Denak bihurtu ziren zuriz jantzitako arima galdu, diskoteka-erritmoen diktadurara makurtzeko prest, patxaranaren eta ajoarrieroaren mendeko, noizbait zuri izandako mamu alderrai, bazterrik bazter.

Beren sanferminetako aurpegi hori deskubritu eta gero, inoiz gehiago ez diegu berdin begiratu; ez iruindarrei ez Iruñeari. Anfitrioi primerakoak dira. Eskutik heldu eta taberna txoko berezietara eraman gintuzten; kale bazter jendetsuetan tokia egin; etxean bezala hartu gintuzten ezezagunek gosaltzen eman ziguten beren sukaldeetan; inoizko txurrorik gozoenak dastatzeko aukera eskaini. Eta, trukean, ez ziguten ezer eskatu. Etxean bakarrik geratu ziren bi arrainei jaten ematea, besterik ez. Eskerrak artean arrainek ez zuten hitz egiten.

Etorri bezala joan ziren sanferminak, kamiseta zuriren bat zakarretara bota behar izan genuen eta zapatilak ez ziren inoiz bueltatu beren onera. Hiriak erantzi zuen festetako soinekoa eta Iruñeko lagunak normaltasunera itzultzen saiatu ziren, nahiz eta inoiz ez den lortzen normaltasunaren zero puntura bueltatzea. Gu ere ez gara inoiz lehengo berdinak izan; primeran pasatu genuelako, irri eta dantza neurririk gabe egin genuelako eta ez genuelako beldurrik pasatu. Ezetz esan genuenean ezetz zela ulertu zuten eta gure pausoak, sigi-sagan, gurea izaten segitu zuen. Ez zen gure meritua izan, zorte kontua baizik. Eta norberaren askatasuna gauza serioa da zortearen esku uzteko.