Maria Mendizabal
ZEr pentsa ematen duten zifrak

Emakumeen aurkako indarkeria zenbakitan

Zenbaki ugari jaso eta argitaratzen dira, baina horietako bakar batek ere ezin du ehuneko ehunean emakumeen aurkako indarkeriaren gordina zenbatu. Ostiralean izango da indarkeria mota hau salatzeko eguna, beste behin zer pentsa ematen duten zifrekin.

Hiru emakumetik batek

Zenbakiek zer pentsa ematen dute. Unescok egin duen txostenaren arabera, izan ere, munduko emakumeen %35ek indarkeria fisiko edota sexuala jasan dute bere bizitzako uneren batean. Estatu zehatzetan erreparatu duten hainbat ikerketak are eta kopuru handiagoak nabarmentzen dituzte. Hala, horietako batek jaso duenez, emakumeen %70ek pairatu dute inoiz indarkeria fisiko edota sexuala bikotekidearen aldetik. Esate baterako, 2012an New Delhin egindako ikerketan jaso zen emakumeen %92k adierazi zutela espazio publikoan indarkeria sexuala jasan dutela inoiz, eta %88k, berriz, sexu jazarpena jasan zutela.

Indarkeria psikologiko isila

Datuak urriak dira eta herrialde batean eta bestean indarkeria psikologikoa zer den zehazteko erabiltzen diren irizpideak oso desberdinak. Hala eta guztiz ere, indarkeria psikologikoak duen indarra handia dela jakiteko adina zantzu jaso dute gaiaren inguruan egindako ikerketek. Europar Batasunean egindako azkenak azaleratu du 28 estatutan bizi diren emakumeen %43k jasan dutela indarkeria psikologikoa bikotekidearen edota bikote ohiaren aldetik.

Sarearen arriskuak

Azken urteetan gero eta pisu handiagoa ari da hartzen Mendebaldeko gizarteetan eta horrek emakumeen aurkako indarkerian bere isla izan du. Europar Batasunean bizi diren 15 urtetik gorako hamar emakumetik batek adierazi du sarean jazarpena jasan izan duela inoiz, besteak beste, nahi ez diren mezu elektronikoak edota SMSak, sexualki esplizitu eta iraingarriak diren mezuak edota sare sozialetan gonbidapen mingarriak jasota.

Europa mailan egin den ikerketaren datuek aditzera ematen dutenez, sarean jazarpena jasateko arriskurik handiena 18 eta 29 urte bitarteko emakumeek dute.

Arrisku are eta handiagoa dutenak

Emakumeek emakume izate hutsagatik jasaten duten indarkeria da indarkeria sexista; hala eta guztiz ere, jakina da beste faktore batzuek (arrazak, sexualitateak edota ezintasunen bat izateak) areagotu egiten dutela indarkeria jasateko arriskua.

Kontestuari lotutako beste arrazoi batzuek ere eragiten dute emakumeek duten arriskua handitzea. Hala, krisi humanitario bat gertatzen denean edota gerrako edota gerraosteko egoeretan emakumeek indarkeria sexista jasateko aukera gehiago dute. Azkenaldian, gerran dauden lekuetatik iritsitako irudi eta salaketek errealitate hau mahaiaren gainean jarri dute beste behin.

Nahi ez, eta, hala ere, ezkonduta

Mundu mailan egiten diren ikerketek arreta berezia eskaintzen diote gogoz kontra ezkondu behar izan duten neskatilen errealitateari. Azken datuek diote munduan 700 milioi emakume bizi direla 18 urte bete baino lehen ezkonduak. Horien artean, hirutik bat 15 urte bete baino lehen. Hain gazte ezkontzen diren neskek ez dute harreman sexual seguruak adosteko gaitasunik izaten askotan, eta hori dela-eta, nahi ez diren haurdunaldiak izateko edota sexu bidez kutsatzen diren gaixotasunak jasateko arrisku handiagoa dute.

Osasun arazoak

Osasun arloan lan egiten duten erakundeak emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko pausoak eman daitezen eskatzen ari dira; izan ere, indarkeria mota honek eragin handia du emakumeen osasun egoeran. Osasun Mundu Erakundeak (OME) aditzera eman duenez, indarkeria jasaten duen emakumeak arrisku gehiago du depresioa, estresa, insomnioa edota elikadura arazoak izateko. Datuak ere eskaintzen dituzte: bikotekideen aldetik indarkeria jasandako emakumeek bi aldiz aukera gehiago dute depresioa jasateko. Arriskua oraindik eta handiago da indarkeria ezagutzen ez duen pertsona baten aldetik jasotzen baditu tratu txarrak.

Ablazioa

Gero eta ahots gehiago entzuten dira praktika honen kontra, baina herrialde batzuetan oraindik sustraitua dagoen ohitura da eta urtero milaka ablazio egiten dira. Nazio Batuek emandako datuen arabera, 200 milioi neskatila eta emakumek jasan dute mutilazio edota ablazioa genitala 30 estatutan. Txosten honen arabera, haietatik gehienek 5 urte bete baino lehen jasan zuten erasoa. Emakumeen eskubideen aurkakoa izateaz harago, ablazioak osasun ondorio latzak izan ditzake emakumeengan, min handia, denboran luzatzen den odoljarioa, infekzioa, haurrak izateko ezintasuna eta kasurik okerrenetan heriotza ere sor baititzake.