Alaia Martin
IRITZIA

Elektrizitatea

Egunero hitz egiten dugu. Gehienok. Hitzik egin gabeko egunik ez dut gogoratzen. Hitzik entzun gabekorik ere ez dut gogoratzen. Hitzik gabe geratu naizen aldiak, aldiz, gogoratzen ditut. Egoerak gain edo azpi hartu izan didatenean izan dira. Esan nauten hitzak gogoratzen ditut, baita isildu nauten batzuk ere. Ziurrenik zuek ere izango dituzue hitz batzuk eztarrian trabatuta, beste batzuk giltzurrunetan eta beste batzuk diafragma eusten. Beste hitz batzuk izango dituzue hor zehar, behin zuengandik ihes egin zutenak, zuek hala nahi gabe, eta itzuli ez direnak. Eurekin gogoratzean ezpainaren ertza hozkaratzen dizuten hitz horietaz ari naiz. Egunero hitz egiten dugu. Geure buruarekin bai behintzat. Eta egunero hitz eginagatik hitz batzuk ahoskaezinak egiten zaizkigu batzuetan, eta besteetan, entzunezinak egiten zaizkie pareko belarrien garunei. “Min” hitza luzeagoa da “ensaimada” hitza baino. “Zama” hitzak gehiago pisatzen du “beruna” hitzak baino. Eta hitz guztiek ez dute hitz kategoria bera.

“Hitza” “berba” ere bada. “Hitza” “elea” ere bada. Beti gustatu izan zait “ele” hitza. “Hitza” bezainbat. Badaudelako hasiberriaren beldurrez eta zuhurtziaz esaten ditugun hitzak, hitz beldurtuak. Bazterrak kolpatu eta intermitentea aurre-markatuz esandakoak. L-a daramatenak, hasiberrien karteltxoarekin datozenak. Eleak, hitzak, berbak.

Hitz falta, isiltasuna, sendagarri izan daitekeela uste zabaldua da. Tibeteko isiltasuna edo mendi tontorretako haize eleaniztuna terapeutikotzat hartu izan dugu. Uda garaian hondartzan etzan eta olatuen soinu-banda isiltasun faboritotzat duenik ere bada. Isiltasuna sendagarria bada izan. Bada edo izan liteke, baina zarata isiltzeko balio duenean. Entzuteko balio duen isiltasuna interesatzen zait. Sendatzen duena, ez gaixotzen gaituena.

Erasoen aurkako “Ezetz ezetz da” kanpaina ahoz aho ibili da azken hilabeteetan, eta ebidentziaren ebidentziak ematen dio indarra mezuari. Hitz batzuk novelak dira, L-dunak, hasiberriak. Baina euren L eta guzti ere, hitzak dira, edozein hitz bezain hitz. Edo hitzago. Hitzak eta berbak ez diren eleak, batzuetan zehatzagoak direlako besteetan baino. Hitz batzuek elektrizitatea daramate zainetan. Elektrizitatea hitzak ezin du beste jatorririk izan bestela. “Ez”-a izango da hitzetan hitzik elektrikoenetarikoa. Deskarga ederra sortzen du esandakoan.

Eta elektrizitateak elektrizitate, uste dut esan beharko dugula, ezetz ezetz den bezala, baietz ez den guztia dela ezetz. Isiltasuna ere ezetz dela. Isiltasunak ere badaukala s elektrifikatu bat.