Maider Iantzi Goienetxe
Munduaren amaieraren ondotik

2050 eta 2100 urteetan burua eta oinak jarrita

Bartzelonako CCCB zentroko «Munduaren amaieraren ondotik» topaketa bitxi bat da: artista, filosofo, hondarrezko mendi, uretako animalia, landare, arkitekto, satelite... denetariko objektu, izaki eta pertsonak biltzen dira istorioak kontatzeko eta datorkigun munduan bizirauteko moduak pentsatzeko. 2017an sartu eta 2050ean edo 2100ean zaudela pentsatuz aterako zara ikuskizun adina bizipen eskaintzen dituen erakusketatik.

Ukituta atera gara Bartzelonako CCCBko erakusketa honetatik, munduaren amaieraren ondorenean kokatu baikaitu. Ez hain urrun, ez hain hurbil: 2050 eta 2100 urteetan. Ezagutzen dugun mundua bukatu eta gero ere gauzek gertatzen jarraitzen dute.

Etorkizun horretako planeta hagitz desberdina da. Eta bertara egokitzeko ez da aski izanen petrolioaren eta gasaren ordez energia berriztagarria erabiltzea; ahalegin eta uko aunitzez sakonagoak egin beharko ditugu. Gure kultura osoa, gure bizimodua berriz irudikatu beharko dugu: hiri eta etxeen diseinua, mugikortasuna, elikadura…

Pentsatu planeta gisa, Kim Stanley Robinson. «Pentsatu planeta gisa. Zure DNAren ehuneko berrogeita hamarra ez da giza DNA. Kontuan hartu zer inplikatzen duen horrek. Erran nahi du ekosistema konplexu bat zarela, baso edo urtegi bat bezala. Marmokak ozeanoan bezala existitzen zara: Lurra sartu eta atera dabil zure barrenetik arnasketa bakoitzean. Hortaz, planetaz solastatzen zarenean, zure gorputzaz ari zara. Eta oroitu: sukar batek hil zaitzake».

Kim Stanley Robinsonen prosazko poemaren hasiera da erakusketaren lehenbiziko urratsa. Hipnotizatuta bezala gelditu gara lehenbiziko espazio honetan, hormetan esaldiz esaldi letra handiz (katalanez, gaztelaniaz eta ingelesez) agertzen den testu osoa harrapatu nahian, deus galdu gabe.

«Une bakoitza arraroa da, zure ingurura begiratzean sentitzen duzu. Orain inoiz baino arraroagoa da. Hegan goaz aurrera, gero eta lasterrago, historia azkartzen ari da. Bai hondamendia eta bai utopia, biak posible dira une honetatik aitzinera. Erdibidea, berriz, gero eta nekezagoa da. Bata ala bertzea izanen da, txarra ala ona, hondamendia ala utopia. Erabaki zaila da, eta hartzen ari gara egiten dugun eta egiten ez dugun guziarekin. Zibilizazio ezezagun baten lehenengo pertsonak gara».

Zientzia fikziozko idazle aitortuenetakoa da Robinson. Pertsona planetan egiten ari den aldaketen eragin politiko, ekonomiko eta kulturalak ikertzen ditu.

Erakusketarako espresuki sortutako testuan aholkatzen duen bezala, arnasari minutu batez eutsi, eta aitzinera segitu dugu bisitarekin.

 


Aurreneko Etorkizun ministroa, Timothy Morton. Instalazio eta instalazio artean itxarongelak daude. Hauek Etorkizun Ministerioaren egoitza ere badira. Oraindik ahotsik eta botorik ez duten 2100eko gure oinordekoei –pertsonei eta pertsonak ez direnei– ematen die hitza sail honek. Aurreneko Etorkizun ministroa Timothy Morton filosofoa da. Bere programa bost kapitulutan irakur daiteke, itxarongela banatan.

Sofan jarri garenean, pantailan agertu zaigu Morton, ahots distortsionatuarekin, motel-motel solas eginez batzuetan, ahoa estalita edo bere ahoan bertze norbaiten ezpainak dituela bertzeetan. Denborari eta zain egoteari buruz hausnartzen du bereziki. Alienazioak eta bere kontrol mekanismoek pentsamendu eta ekintza kolektiboak gelditzen dituztela azaltzen du, adibidez kulpa erlijiosoak.

«Itxarotea arazoaren parte da –dio bideo batean–. Kontrol mekanismoak hemen daude dagoeneko. Samsara, Matrix eta antzeko gauzak zerbait gertatzeko zain egotea dira (zerbait gertatzen ari den bitartean). Zeren esperoan gaude? Bertze batzuentzat diseinatutako mundu batean bizi garela dirudi. Ematen du sakelan daramatzagun telefonoak ere ez direla guretzat bakarrik baliagarriak, noizbait izan badira».

Kendu burutik planeta zuri-urdina. Benjamin Granten proiektu editorial eta digital honek sateliteen argazkien datu baseak ikertzen ditu. Irudi horiek erakusten dute pertsonen ekintzek etengabe aldatzen dituztela paisaiak.

Duela mende erdi ikusi ahal izan genuen lehenengoz Lurraren irudia, “Blue Marble” argazkia, 1972an “Apolo 17” tripulazioak atera zuena. Gure imajinarioan gelditu da borobil zuri-urdina, baina irudi horrek jada ez du gure planeta antropozenoa islatzen. Gora begiratu eta gure buruetatik 700 kilometrora dauden sateliteek lurrazal berria nolakoa den erakusten digute: tatuatua eta pitzatua.

Munduko objektu guzien katalogoa kontsulta daiteke han goitik.

Indiako ibai sakratuek modako koloreak janzten dituzte. 50 urtetan pertsonen populazioa hirukoiztu egin da. Jendeak mundua aldatzen du bere behar eta nahi material gero eta handiagoak asetzeko. Desioak mendiak mugi ditzake, literalki.

Gure arropak milaka eta milaka kilometro bidaiatu ditu guk jantzi baino lehen. Zerbaitengatik da ehungintza munduko industriarik globalizatuena. Modaren apetak garatze bidean dauden ekonomiak aldatzen ari dira.

UnKnown Fields Division ikerketa eta diseinu azterketa nomada bat da, Kate Davies eta Liam Youngek zuzendua. Moda azkarra hornitzen duen katearen eragin ezkutuak plazaratzen ditu. Indiako kotoi sailetan hasten da, handik ehun fabriketara doa, tindatzeko eta arropa sortzeko tailerretara gero, eta azkenik portuetara iristen da. "Destejido" pelikula bat da, baita elkarlanean egindako ehun bat ere, urrezko hariarekin josia, mota honetako haria sortzen duen azken ekoizlearen hariarekin. Ehundegietako langileen ahotsa aditzen da, ehungileen azken belaunaldia da, munduko fabrikazioaren eraginkortasun intentsiboak beren ofizioa suntsitu baitu. Ehuna tinta erreka baten gainean dago zintzilik. Indiako ibai sakratuek denboraldi horretako modako koloreak eramaten dituzte urtero, ilegalki beren gainera jaurtitzen direnak.

Filmak solemnitatez agertzen du Indiako ehungile gazte baten bidea kotoi sail amaigabeetan barna. Ehundegi handietatik igarotzen da, tindatzeko fabriketatik eta ehungintzaren kate erraldoia hornitzen duten jantzi lantegietatik. Langilea pixkanaka urre koloreko oihalean biltzen den heinean, moda azkarra ehundegi tradizionalen erritmora egokitzen da.

 


2050eko Londreseko apartamentua. Gaur egun klima aldaketaren inguruan ditugun datuetan oinarrituta, 2050eko Londreseko pisu bat sortu dute erakusketarako. Beroa egiten du. Sukaldean errezeta harrigarriak daude, zizare hanburgesetatik hasi eta azeri erregosira. Elikagaien prezioa izugarri igo denez, aukera ona da etxean janaria sortzea, LED lanpara, haizagailu, lurrun, ur eta nutrientez lagundutako landareekin.

Irrati programa bat aditzen da, egunkari zaharrak daude mahaian. Mundu berri honetako tentsioak islatzen dituzte biek: baldintza meteorologikoak muturrekoak dira, hornidura kateak puskatuta daude eta ekoterrorismo ekintzak gertatzen dira.

Gauzatu ez zen etorkizun baten puskak daude sakabanatuta: gailu adimendunek funtzionatzen segitzen dute, aspaldi amaitu zen mundu baten sare eta zerbitzuetara konektatu nahian.

Leihotik begiratzeak zirrara eragin digu: aterpe eta etxe inprobisatuak ageri dira, itsasoaren maila igotzean leku baxuetatik mugitu behar izan duen jendez beteak. Berotegiak teilatuetan. Kea gatazka lekuetatik gora. Eta, urrunago, garai oparoagoetan altxatzen hasitako eraikinak, amaitu gabe.

Ingurunearentzako osasun klinika. Erakusketaren arabera, ez dugu etorkizun sobera ona espero, antropozentrismoa eta epe laburreko politika alde batera uzten ez baditugu behinik behin. Iragarpen ezkor horri baikortasun amiñi bat emateko, Bartzelonan martxan dagoen ingurunearentzako osasun klinikari eskaini diote azken instalazioa. CO2aren %70 horietan isurtzen denez, hiriak gakoa dira pertsonen eta gainerako biosferaren artean hitzarmen bat sinatzeko, berdinetik berdinera. Asmoa da baliabide naturalen ustiapenean eta espezie guztiak gure beharren mende jartzean oinarritutako harremanak bukatu, eta denak irabazle aterako garen bertze erlazionatzeko modu batzuk sortzea.

Klinika honetan ikerketa, hezkuntza eta praktika konbinatzen dituzte gure bizi kalitatea hobetzeko, pertsonak ez diren gure bizilagunekin batera: hiritar intsektuak, hiritar landareak, hiritar mikroskopikoak…

Natalie Jeremijenko artista, ingeniari eta asmatzailearen proposamena du abiapuntu. Sant Marti barrutian dago eta CCCBk eta Bartzelonako Udalak ekoitzi dute elkarrekin. Komunitate zientifikoak eta hiriko elkarteek bat egin dute, Bartzelonako Kultur Institutuaren Hiritar Zientziaren Bulegoak eta Hiritar Zientziaren Nazioarteko Eskolak. Mundu osoko ikertzaileak ari dira ahalegin kolektibo honetan.