Maria Mendizabal - Francesco Carvelli
iTALIA ETA ESTATU FRANTSESAREN ARTEAN

Inmigranteak, elurretan Alpeetan barrena

Gehienek milaka kilometro egin dituzte Europara iritsi aurretik; makina bat ezin eta zailtasun pasatuz. Hori dela eta, ez ditu kezkatzen bide luzeari jarraitu eta mendia eta hotza gainditu beharrak. Italiatik Estatu frantseserako mugak itxita dituzten mendian barna egiten dute saiakera. Inoiz elurrik ikusi gabeak eta behar den jantzi eta oinetakorik gabe, galdu eta bizia galtzeko arriskuari egiten diote aurre.

Eskiatzaileen gorabeheren bueltan bizi da Piamonteko Bardonecchia herria. Turingo Olinpiar Jokoetako snowboard probak han jokatu ziren eta eskiatzaile askok sarri bisitatzen dute, aldapa malkartsu eta elurtuetan irrist egiteko. Azken aldian, baina, eskiatzaileek Estatu frantsesera igaro nahi duten migratzaileekin egiten dute topo Alpeetako herri honetan.

Kostaldeko Ventimiglia herria zuten askok lehen jomuga, baina Estatu frantsesak zaintza gogorra ezarri eta muga itxi zuen eta 2016an bakarrik 18.000 pertsona atzeman eta itzuli zituen berriz ere Italiako lurretara, inolako prozedura legalik abiatu gabe. Zenbaitek «ping pong» ere izendatu du inguru honetan gertatzen dena.

Zailtasunak ikusita, Europa iparraldera iritsi nahi duten atzerritarrek beste bide batzuk zabaldu nahi izan dituzte, eta askok Italia eta Estatu frantsesaren mugan dagoen Bardonecchia herri hartu dute jomuga. Hotzari eta Poliziaren kontrolari aurre eginda, 16 kilometroko luzera duen Col de L’Echelle-tik igarotzen hasi dira. Mapan begiratuz gero, ez dirudi oso bide luzea, are gutxiago lehenago egin duten kilometro piloa kontuan hartuz gero.

Mendi honek 3.000 biztanleko Italiako herria eta Nevache herri frantsesa bereizten ditu. Udan polizia- kontrolak etengabeak dira; neguan errepidea itxita egoten da eta 1.700 metroko garaiera duen mendian hotza eta haizea dira oztopo nagusiak euren helburua lortu ahal izateko. «Hainbat hilabetetan migratzaileen artean zurrumurrua zabaldu da, baina izugarri arriskutsua da. Egunero izaten dugu tragediaren bat!», dio haserre pertsona hauei laguntzen aritzen den Oulxeko eskolako irakasle Silvia Massarak.

Izan ere, egunero dozena bat pertsona iristen dira herrira, bertatik Estatu frantsesera igarotzeko itxaropenez. Bertan, bizilagunek eta Rainbow For Africa, Breaking Borders eta Gurutze Gorriko boluntarioek txandak egiten dituzte horiei harrera egiteko eta arriskutsuegitzat jotzen duten bidaia honetan atzera egin dezaten lortzeko.

Italiako aldean immigranteei ideia burutik kentzen saiatzen dira eta boluntarioek elur-jausien argazkiak edota gorputzeko zatiren bat izoztu zaien pertsonen argazkiak erakusten dizkiete. Baina zaila da ideia burutik ken dezaten lortzea; hona iristerako askok desertuaren gogortasuna, Libiako amesgaiztoa edota Mediterraneo itsasoa gainditu dituzte, gehitxo orain atzera egin dezaten lortzeko.

Gehienak afrikarrak dira eta aurretik sekula elurrik ikusi gabekoak. Kiroletako zapatila arinekin iristen dira asko –gainean plastikozko poltsak jarrita babesten ahalegintzen dira–, eskularrurik eta txapelik gabe. Beldurrik ere ez dute askok: «Ez dugu ezer galtzeko, dirurik eta lanik gabe, muga horretara iristeko beharrezkoak diren arriskuak hartzeko prest gaude», adierazi du izenik eman nahi ez duen ginear gazte batek. Ondo seinaleztatu gabeko bideetan galtzen dira horietako asko.

Arriskutsuegia da. Cyrrille Coulibaly, 20 urteko bolikostarra, Italiara iritsi berri da. Boluntarioak saiatu dira, baina ez dute atzera egin dezan konbentzitzen: «Bertara joatea gomendatu zidaten; guztia pentsatuta dago, oinetakoak topatzea baino ez zait falta», aipatu du. Eguna argitu aurretik abiatu du bidea, termometroak zeropeko tenperaturak gainditu ez dituenean, baina laster batean atzera egitea erabaki du.

Mohammed Bambore Burkina Fasokoa da, baina sei urte daramatza Sizilian bizitzen. 29 urteko gizona bizileku-baimena berritzeko zain dago eta bide hau abiatu nahi izan du. Honek ere atzera egitea erabaki du: «Ez dut sartu nahi, seguru asko hotz handiegia egiten du eta arriskutsuegia da», aipatu du.

Trena da guztientzat aukera onena. Egunero Milan eta Paris batzen dituzten lau tren igarotzen dira Bardonecchiatik eta herri honetan egiten du Estatu frantsesera igaro aurretik azken geldialdia.

Mendian gora egitea lortu ez dutenek irteera-taulari begiratzen diote, trenera igotzeko unerik egokiena topatu nahian. Baina ez da erraza. Tren bakoitzean gutxienez mugako zazpi edo zortzi poliziak bidaiatzen dute. SCNFren agenteak ere immigranteek atzera egin dezaten jarduten dira. «Trena beterik dago, hartu hurrengo autobusa», esan die horietako batek bi gazte ginearri, geltokitik irten daitezela eskatuz. Ateak itxi dira eta trena badoa... ia hutsik.

Trenera igotzen diren edota media oinez igarotzen duten pertsona gehientsuenak mugako polizia frantsesaren ibilgailuan amaitzen dute. Goizeko seietatik gauerdiraino ibiltzen dira atzerritarrak topatu eta berriz ere Bardonecchiara bueltan eramateko hara eta hona: furgonetako atea zabaltzen da, immigrantea bertatik ateratzen da eta minutu batzuk igarota ibilgailua berriz ere joan egiten da. Bertatik jaisten direnek ez dute etsitzen; agian hurrengo saialdian zorte handiagoa izango duten esperantza dute.

Boluntarioen ezinbesteko lana. Geltokian boluntarioek gauero jana eta arropa banatzen dute eta abenduaz geroztik mendiko sorospenerako dagoen gela logela bihurtu dute. Goizeko zortzietan ateak ixten ditu eta bertan dauden migranteak berriz ere noraezean geratzen dira, tren geltokiaren inguruetan edota arriskutsuegi dirudien mendiari zeharka begira.

Egoera hori ikusita, inguruko herritarrek mobilizazioak antolatzen dituzte aspaldian, pertsona hauek bizi duten egoera salatu eta mugak zabaldu ditzaten eskatzeko. Horietako asko mendian egiten dituzte, immigranteek euren bizia arriskuan jartzen duten aldapa malkartsuetan, hain justu ere.