Alaia Martin
IRITZIA

Hitziltasuna

Esnatzeko ordu aproposena zein den normalean ez du norbere ordulari biologikoak aukeratzen. Gehienetan ez da etxe aldameneko zuhaitzetako txorien ordutegiaren baitakoa izaten. Egunaren argitasun mailak bultzatutakoa izatea ere ez da ohikoena. Askotan esnatzen gaitu iratzargailu baten harridurak.

Egunaren isiltasuna estaltzeko erabiltzen dituzte askok irratiak, telebistak eta kantu itsaskor mamigabeak.

Autoan sartutakoan autoaren patxada isiltzen dugu; dezibel pare bat igotzen dugu musika, zer gerta, beti badabilena badabilela ziurtatu nahian bezala.

Zabal genezake egunkari bat egun gris batek erdi hutsik utzitako terrazan, eta goitik behera irakurri, gaurkotasuna besteek ezarritako garrantzi eskalaren arabera irentsiz. Egunkari batzuen kasuan mila motatako eta logika logikorik gabeko iragarkiak murtxikatuz, bide batez.

Geure baitako terraza jendez beteegi dagoenetan, aldiz, begira geniezaioke egunkariari irakurtzeko inolako ahaleginik egin gabe, koartada gisa bakarrik. Noizean behin orriak pasa eta etengabe besteen elkarrizketak entzunez; geure baitakoak ez entzuteko teknika erabilerraza da.

Bada ulertzen eta onartzen kostatzen zaidan espezie bat; apokalipsia ekaitz giroarekin nahastuta litzatekeena irudikatzen duten motorzaleena. Belarriak zulatu eta garuna Daliren ordulari bihurtzen duen hots huts horretaz ari naiz. Izen zientifiko antzekoa dute auto gidari batzuek. Espezie honetako espezialak, bozina jo eta jo hasten dira aurrean duten autoak segundo erdi baino gehiago behar baldin badu mugitzeko.

Haur bat isilik dagoenean askotan gurasoek edo tutore legalek hartzen dute isiltasuna puskarazteko ardura. Haurrari dakizkien kantu guztiak kanta ditzan eskatzen diote edo kontatzeko bezperan igerilekuan zein ondo pasa zuen.

Lagun talde guztietan dago isiltasunarekin izutzen den jendea. Zeu hitz egiten hasi orduko esan ez duzun zerbaiti erantzuten ari den pertsona mota horretaz ari naiz. Tarteak betetzen dituen horretaz, tarterik geratzen ez den arte.

Aspaldi utzi genion, ziurrenik, zer entzun eta nor entzun aukeratzeari. Soinu-jasa histrioniko honen erdian otitis on batek baino ezin gaitu benetan babestu zaratatik.

Dena entzuten dugu eta ez dugu ezer ere entzuten. Ahots guztiak eskura omen dauden honetan, batzuk eskura daude egon, baina ez belarrira, eta ahotsak entzuten ari garenean, ez dakit ziur noren ahotsak entzuten ari ote garen, bikoiztuta ote dauden, edo mutututa eta berrasmatuta. Ez dakit geure ahotsa bereiziko ote genukeen masatik. Kilker gehiegi dabiltza soroetan eta geuk koroak egiten dizkiegu. Zu ere, ni bezala, zarata zara-ta!