amagoia mujika
IRITZIA

Tontodromoa

Oreretako lagun bati lapurtu diot kontzeptua: Tontodromoa. Bera haurra zela, herrian ba omen zegoen Tontodromoa izena zuen kale buelta. «Joango al gara Tontodromora buelta batzuk ematera?», izaten omen zen plana. Eta han elkartzen ziren adin eta kuadrilla desberdinetakoak, bakoitza pausaje eta norabide propioan paseoan, kalean gora batzuk eta kalean behera besteak. Izango ziren aurreko kuadrillakoak harrapatzeko pausoa azkartzen zutenak. Eta izango zen, aldrebes, atzeko kuadrillakoekin topo egiteko pausoari eutsiko zionik. Izango zen, interesatzen zitzaionarekin topatzeko buelta kontrako norabidean hasiko zuenik. Imajinatzen dut bikoteak sortuko zirela Tontodromoan, bikoteak hautsi, laguntasunak estutu pipa poltsa beretik janez, haserreak sortu pausoaren norabidea eta erritmoa tarteko. Zapatila berriak zituenak Tontodromoan erakutsiko zituen, orrazkera berria zuenak han luzituko zuen, pipetatik tabakorako pausoa ere bertan emango zuten askok... buelta, buelta eta buelta, herriko erakusleiho sozial hartan.

Azkar ulertu dut Tontodromoarena, gure herrian ere bazelako antzeko zerbait. Eta seguru zurean ere bazela. Plazak, petrilak, bankuak, pilotalekuak... lagunekin geratzeko tokiak, konfidentziak eta sekretuak kontatzekoak, esperimentatzekoak. Denok izan ditugu etxean bezala sentiarazi gaituzten toki publikoak. Eta garrantzitsua izaten zen haietan egotea, izan Tontodromo edo izan bestelakoak. Haietan ez zegoena, ez zen existitzen.

Oraingo Tontodromoak Instagram izena du. Egunero (kasik une oro) begiratzen duzue hau non ibili den, horrek ze kamiseta erosi duen, beste hura oporretan non dagoen, nolako parranda egin duen institutuko beste hark... Petril luze-luzea da, ez dakit zenbat jende kabitzen den han eserita, hankak zintzilik, paretik pasatzen denari begira. Eta Tontodromo horretan denak agertzen dira irribarretsu eta lirain. Mingaina ateratzen ari dena ere guapa asko, badaezpada.

Ados, baditu desberdintasun batzuk gure herriko petril sozialarekin eta, seguru, Oreretako Tontodromoarekin alderatuta. Ez dira alferrik pasatu hiruzpalau hamarkada. Baina, finean, antzekoa da. Lehen bezala orain, lagunekin egon beharra garrantzitsua da; besteak ikustea eta ikusia izatea; dituzun lagunei eutsi eta lagun berriak egitea interesgarria da...

Gu ere egoten ginen egonean, pipa janean, itxuraz fundamentuzko ezer egin gabe, ‘denbora galtzen’ gure gurasoen begietara. Orain, tresna berriekin, baina antzeko aritzen zarete, postureoaren mundu zelebre horretan. Eta orain, lehen bezala, gurasoak haserretu egiten dira eskaskerian ari zaretelakoan. Gauza batzuk ez dira hainbeste aldatu, kontrakoa iruditu arren.