Mertxe Aizpurua
IRUDITAN

Antzekotasunak

Animalia bitxiak dira gameluak. Flaubert idazleak zioenez, denbora labur batez haiei so egin eta gure begietara barregarriak bihurtuko dira. Izan ere, gizaki askoren antzera, eginahalak eginahala, animalia eder horrek ezin du gainetik kendu seriotasun eta, aldi berean, komikotasunaren airea, estropezuka dabilen bitartean, ipurdia ezker-eskuin, zisnearen antzera daramala. Ez badirudi ere, gameluei buruzko kontakizuna dakar Turkiako Selcuk hirian hartutako goiko argazkiak. Urtero, eta mendeetako tunelean galtzen den ohiturari jarraituz, abereen arteko borroka milaka ikusle –gizonezkoak, hein handi batean– biltzen duen ekitaldia da. Binaka egiten dute borroka, eta ingurukoen oihu eta garrasiek urduritasuna eraginda eta, ondorioz, etsai amorratuak bihurtuta, albotik lepoarekin elkar kolpatuz egiten dituzten bost minutuko konbateek plaza zutiarazten dute. Enpatean bukatzen omen dira gehienak. Aurtengoan, 124 lehiatu dira eta behin hasierakoak hondarretik pasa direnean, gizakien grina aseta, muturretik aparra darien konkordunak bost axola ikusleei, lagunarteko festa eta kantak, janari eta edariak baitira ospakizunaren giltza. Ez dira aldaketa asko sartu behar argazki honi sanferminetako zezenketekin antzekotasunak aurkitzeko. Zamarrak kendu eta arropa zuri-gorriz janztea nahikoa litzateke. Gameluek bertan jarrai dezakete, inor gutxi enteratzen baita jada hondarrean gertatzen ari denaz.