Alaia Martin
IRITZIA

Nora ote zoazen

Ez dugu zertan beti jakin nora goazen. Ez dugu zertan jakin nora goazen, ezta ere zein abiaduratan joan nahi dugun eta norekin. Eskubidea eta askatasuna daukagu edo izan behar genuke nora goazen pentsatu gabe bizitzeko, edo nora goazen jakinagatik noiz iritsiko garen ez jakiteko edo bidelaguna segurtasun uhalez preso ez hartzeko. Libre gara, beraz, nora goazen ez jakiteko eta hori lau haizetara ozen aldarrikatzeko. Nora goazen badakigunean, nola iritsi nahi dugun argi samar daukagunean eta zalantzarik ez daukagunean norekin, edo norekin ez, orduan ere libre gara lau haizetara zabaltzeko edo ez lau haizetara zabaltzeko eta esateko, baina batzuetan tranpa da. Tranpa dela esatea ez da bereziki aurpegiratze gogorra, baina bere txikian, tranpa, tranpa da.

Edozein harreman motatan, pertsona bat zein bestea bideak daramanean bidezkoa izaten da, normalean, harremana. Edozein harreman motatan, pertsonetariko batek badakienean nora joan nahi duen eta besteak ez duela leku berera edo modu berean iritsi nahi bideragarria izan daiteke harremana, baina ez bidezkoa.

Edozein harreman motatan pertsona batek beste pertsona baten ondoan baino aurrean, azpian edo gainean kokatu nahi duenean, biak hala aztertu eta adostu gabe, harreman mota horretan itoginak sortuko dira, goitik behera ez bada, behetik gora.

Edozein harreman motatan pertsona batek besteari hitza ematen dionean beteko ez duela aurrez jakinda, tranpa da. Tranpa da eta tranpa izaera eta izena erantzita daraman tranpa bihur liteke ohituraren ohituraz ohiko joera bihurtzen badugu, geure burua eta geure interesak babestearen aitzakian. “Deituko”, “esango”, “pentsatuko”, “hartuko” guztiek etorkizunaz baino gehiago orainaldiko egia esan ezinaz hitz egiten badute, tranpa egiten ari gatzaizkio parekoari eta funtsean, geure buruari, geugan sinesten duten guztiei. Batere merezi gabe, batzuetan.

Edozein harreman mota harreman mota jakin bat denean, tranpa tranpagoa bihur liteke. Ukigarriagoa, kontagarriagoa eta frogagarriagoa. Esaten duzuna, konjugatzen duzun aditza, egiten duzun irribarrea eta ukatzen duzun agindutako eskua jende aurrean eta bozgorailu baten bolumenetik egiten duzunean, tranpa estilo bihurtzen da, tranpa metodo bihurtzen da eta metodologia ideologia. Politika jokoa dela sinetsi eta arauak asma zenitzake, egunaren arabera, egunero. Egiaren ondorengo mundua baino gezurraren aurreko mundua da oraingoa beharbada. Aurrez, zilegitasun osoz egiari uko egiten dion jokamolde sail bat –eta egiari asmo izaera ematen ari naiz, absoluturik exijitu gabe–.

Eztabaida litezke aurrekontuak, elkarbizitza urratsak, kartzela politikak, indarkeria matxistaren aurkako bide-orriak, erreferendumak eta koalizioak, baina nago, batzuetan, batzuek badakitela nora doazen, badakitela norekin eta noiz iritsi. Eta hori, tranpa da.

Urduritu egiten naiz errotondetan intermitenteak markatzen ez dituztenekin.