Amaia Ereñaga
IRUDITAN

Parisen egongo balitz...

... ez litzateke hain egoera tamalgarrian egongo. Penagarria baita Notre-Dame katedralaren aitzindari arkitektonikotzat jotzen den eraikina egoera honetan ikustea. Baina, horra hor gure “mendebaldar sentsibilitatea”; bata kiskali zenean, denok negarretan urtu; bestea gerrak txikitu eta birrindu zuenean, ez zen lehen mailako albiste izatera ere iritsi. Qalb Loze herriko («almendraren bihotza», arabieraz) katedral kristauaren hondakinak Sirian daude, gerra gordinean murgildutako Idlib eskualdean, tiro zuloz josita, gelditzen diren haur urrien jolastoki bihurtuta eta erabat utzita, 2011n gatazka piztu zenean zaindariek alde egin behar izan baitzuten. Bizantziar garaiko puntako adibidetzat jotzen da V. mendeko eliza hau eta, are gehiago, Europako katedral erromaniko eta gotikoen inspirazio iturri, Notre-Dame bera barne. «Dakigunez, hauxe da asko landutako arkudun sarrera eta dorre bikoitzeko fatxada duen lehen eliza; hau da, erromaniko bezala ezagutzen den estiloaren aitzindaria», Ekialde Hurbileko kulturan aditu den Diana Darkeren esanetan. «Ardoarekin eta oliba olioarekin aberastutako siriar kristauek eraiki zuten, eta merkatari, erromes eta monjeen geralekua izan zen. Mendeetan zehar inguru hauen eta Europaren artean mugimendu handia egon zenez, hemen garatutako estiloa Europara zabaldu zen». Fayez Kawsara siriar historialariak XII.ean finkatu du «Qalb Loze estiloaren» iritsiera Europara, gurutzatuei esker.