JOKIN URAIN
IRITZIA

Barne produktuak

Ez dakit noiztik datorren kirolen batean zerbait irabazten duenari edo dutenei udaletxean edo aginteguneren batean harrera egiteko ohitura. Harrera eta gorazarre eta aldarria. Ez dakit zehatz zeren aldarria, baina zerbaiten aldarria, lekuko edo inguruko agintarien ondoan edo haien eskutik; edo agintariak dira, momentua aproposa dela iritzita, irabazleen eskutik eta haien ondoan agertzeko joera dutenak.

Hamabost egun izango dira saskibaloian zerbait irabazi zutelako Bilboko udaletxean agertu zirela Bilbao Basketeko jokalariak, eta udaletxeko guardak, Aburtok, ez dakit kortesiaz, zurikeria hutsez edo fantasia izan arren benetan egia dela uste duelako, hala esan zien: «ACBko talde bat zarete eta gara, zuek lortzen duzuena Bilbok lortzen du». Eta berripaperetan irakur zitekeen saskibaloi taldeko entrenatzaileak, zer esaten ari zen aztarren kontzienterik izan gabe seguru asko, honako hau bota zuela besteak beste: «Bilboko jendearen balioak banderatzat eramango zituen taldea egitea erabaki genuen».

Garaipen ospakizunaren aparretan, imajina litekeen gauzarik ederrena irudituko zitzaion Bilboko jendearen balioak banderatzat mundu zabalera eta ahal bada unibertso osora eramatea, eta ona baldin bada ez litzateke txarra izan behar, eta, hala baldin bada, zergatik egin kontra? «Ba, kontra egitearen plazeragatik!», esango luke Bittorrek, eta ACBren garaipena ere norbaiti kontra eginez lortua dela azalduko lizuke, eta askoren plazera izan dela bistan dago.

Kirolari ikusgarritasun handia ematen zaio komunikabideetan ez ezik horiek gabeko egunerokoan; kirola, kirolzaletasuna, kirol talderen baten uniformea, kirol talderen baten lema... txertatu digute burmuinean-begian-bihotzean. Saltoki handi eta txikiak, zeinahi motako kirol ariketarako eraikinak, jantziak... hortxe dituzu musuaren aurrean.

Eta horrek guztiak bizi gaitu, eta hori guztia gabe bizitzarik ere ia ezin duzu imajinatu. Eta horrek guztiak eragina du, eragin handia, barne produktu gordinean; gutxiengo baten eskuetara doan barne produktu gordinean, zehaztu behar litzateke.

Gutxiengo baten eskuetan dabilen barne produktu gordinak askoren barne zorion gordina dakar, beraz, Fermin. Ez dakidana da alfonbra azpian pilatzen ari garen zaborra desegin egingo den berez ala denborarekin kiratsak desegingo digun usaimena.