Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Zamaren zama

Hanoin hartutakoa da goian ikusten duzun irudia. Bitxia da ikustea nola motor arrunt baten atzean kiloka zabor garraiatu ahal diren. Bi gurpilen gainean doa gidaria eta atzeko erremolkeak darama gainean duen zaborraren zama osoa. Zamaren zama.

Izan ditzake irudi berberak irakurketa gehiago, ordea. Eman dezagun mundua bera dela motorraren gainean jarritako planeta biribila eta berak daramala gainean, nahi eta nahi ez, beste norbaitek atzean jarritako zaborraren zama. Zamaren zama. Egun, aldaketa klimatikoa ahoz aho dabilen garaiotan, ezinezkoa litzaioke batari bestea gabe bizitzea. Hobeto esanda, ekidin ezinekoa da atzekoa aurrekorik gabe uztea. Baina, egun, ez al da ohikoena atzekoz aurrera, guztia zentzu horretan egitea? Atzekoz aurrera, edo kontrako norabidean, munduak berak laster beste aldera egingo baitu bira zentzu honen ifrentzuari jarraituta.

Bitxiena, baina, orekari eusteko gaitasuna da. Nola gizaki bakar batek gobernatzen duen zabor zakuz betetako erremolkea; nola den berea agintea, nahiz bolumenean txikiagoa izan; nola den berea gidaritza nahiz kopuruan murritzagoa izan; nola den berea burutza nahiz soilik bi gurpilen gainean joan; nola den berea asmoa, gauza guztien gainetik, boterean jartzeak ematen duen plazera bestekoa, nahiz zakarra, zikina, zaborra, zamaren zama besterik ez izan.