Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Zenbatzen

Osasun krisian zehar egunak astundu dira, “berundu” eta ohi baino gehiago pisatu dute. Ohi baino luzeagoak izan dira, amaiezinak askotan, eta halaxe joan dira orduak, zenbatzen den egutegi batean kateatutako buruetan. Zenbatu dira orduak, egunak, asteak, baita hilabeteak ere. Egun batean, bizitzak berak beste zerbait kontatzen hasteko zaplaztekoa ematen dizun arte.

Ikusi ditugu agureak bakarrik, ikusi dugu tristezia, laztandu dugu aspaldiko maitasun keinu hori, begi aurrean izan dugu izua, amorrua –askotan nazka–, haserretu zaizkigu barrenak eta alaitu bihotzak; egin dugu negar egoerak hala eskatu duenean, egoera berberak barrerako tartea ere eskaini digun heinean; sortu zaizkigu zalantzak, faltan sumatu dugu egunerokoaren txikitasunik txikiena, akordatu gara aurpegiez, eta besteen irribarreez; oroitzapen baltsa batean geratu gara maiz, txalupa baten gainean geldo, eguzkipean, uraren zabuak laztanduta; tonto, lelo, epel, erreakziorako intentzio garbirik gabe. Faltan izan ditugu etxekoak, faltan lagunak, faltan lankideak, faltan maite izatearen horrek bereganatzen duen amalgama zabal hori guztia, nahiz gu geu hain zabala zela konturatu ere ez garen egin. Hori guztia, esan bezala, bizitzak zaplaztekoa ematen dizun arte. “Esnatu!” ozen bat, tinpanoa zulatzen. Eta ohartzen zara egunak, asteak, hilabeteak joan zaizkizula, eta aurrean daukazunari begiratzea besterik ez duzula.