GALDER PEREZ
IRITZIA

Kolore biziak

Askotan teoria badakigu eta, gehiegitan, praktika falta zaigu. Koloreen teoria jakin badakigu, baina kasu honetan praktika den bizipena falta zaigu. Guk, pertsona zuriok, arraza goren batekoak garen teoriari uko egin nahi izaten diogu, baina gehienok egunerokotasunean ez dugu halakorik praktikan jartzen. Bizipenik gabeko teoria eta ikasgaia da gurea. Irakurri ditugu liburuak, ikusi ditugu filmak, entzun ditugu kantu eta abarreko guztiak, baina azalaren koloreagatik gutxietsia, kolpatua, mespretxatua eta zigortua izatearen sentsazioa ez dugu sekula pairatu. Mundu mailan bat egiten dugu Black Lives Matter moduko mugimenduekin, gure hirietan beste arrazen gaineko bortizkeria poliziala salatzen dugu, udan ipuin afrofuturistak irakurriko ditugu eta lagun arteko terrazetan Angela Davisekin batera konspiratzen dugula pentsatuko dugu. Baina lerro hauek idatzi eta irakurtzen ditugunon artean, zenbatek dugu kuadrillan, lantokian edota terrazako mahaiaren bueltan garagardo freskoa edaten azal zuria ez duen inor? Teoria badakigu. Gure bilobek, seme-alabek eta gertuko haurrek zuriak ez diren lagunak dituzte, segun eta zein eskolatara joaten diren, noski. Eta orduan, helduok, naturaltasuna, jatortasuna eta teoria ondo ikasita dugula erakusteko, harreman horiek goraipatzen ditugu, nabarmen eta, askotan, patetikoki. Izan ere, umeek kolore guztietako lagunak izatearen onurak hain kristauki goraipatzen ditugunez, haurren artean eman daitekeen espontaneotasuna hausten dugu. Umeek, teoriaz ezer gutxi jakin arren, askotan praktikatzen dutelako.

Arrazakeria dela-eta azken bolada honetan, besteak beste, eztabaida potoloak sortu dira txokolate-gozoki marka mitiko batekin eta gure telebistako saio batekin. Kristautasunaren harira, aspaldikoa da ere errege beltza eta blackface-aren polemika. Ustez teoria jakin badakigun arren, lasai asko esan genezake ikasteko asko dugula oraindik, bizipena falta zaigulako, ustezko teoria guztiak jakin arren. Pertsonez ari garenean, bizitzaz eta bizitzez ari gara, eta bizitzaren gaineko teoriak ez ditugu erraz barneratuko bizipenik gabe. Ez dugu zuriak ez diren pertsonekin lan egiteko ohiturarik, ez gabiltza haiekin poteoan eta zinemara joaten ginenean ere, lagun zuriekin joaten ginen.

Gure hiri, auzo eta herrietan zuriak ez diren pertsona asko bizi dira, baina gehienak gugandik banatuta eta miseria gorrian. Ez dugu haiekin elkarbizitza egiteko ohiturarik. Hor daude, badakigu, nola ez. Onartzen ditugu, besterik ez genuen behar! Baina teoriak teoria, ez gara elkarrekin bizi, ezer gutxi praktikatzen dugu elkarrekin. Horrela bada, elkarrekin ezer partekatu gabe, haien ahotik, tripetatik eta azaletatik jasaten duten bizipena jasotzea ezinezkoa zaigu. Gu zuri izango gara betiko. Zapalduen lekuan jartzeko aukera fikziorako eta teorietarako uzten dugu. Jarraituko dugu haien musika dantzatzen, arrazen gaineko berdintasunaren teoriak xurgatzen eta haien gaineko ipuin ederrez gozatzen. Baina hori guztia ez da gure azalean sartzen eta horixe izaten jarraitzen uzten diegu: kontu, kantu, teoria eta filmetako kolore biziak. Pairatuko ez ditugun bizitzak dira, biziko ez ditugun koloreak, benetan besteen azalean jarri arte.