Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Dirudiena

Irudia esanguratsua dela esango luke batek baino gehiagok. Bi emakume direlako, biek zapia daramatelako buru estalgarri, bien ustezko bat-egite bat delako maitasunaren arku eder baten azpian. Eta orduan hasten gara gure suposizioak egiten eta jartzen ditugu bi emakume, maitemindutako bi emakume, maitemindutako bi emakume musulman, maitemindutako bi emakume musulman ustez arrotza, gogorra eta zigortzailetzat dugun “haien” gizartean.

Eta hasten gara banderak astintzen, berdintasunaren izenean hitz egiten eta “progrearena” egiten, aurrerakoitasunaren izenean betetzen baitzaigu ahoa, norbanakoaren askatasunari buruzko mezuak zabalduz, sexu askatasunaren aldeko kartelak jasoz, berdintasunean eta errespetuan oinarritutako harreman askeak defendatuz.

Baina iristen da eguna, non irentsitako polboroiek ez duten zintzurretik beherako biderik topatzen eta, orduan, ataskoa sortzen da. Iristen da eguna maitasun erromantikoa defendatzen duguna, fideltasunaren oinarriak birfinkatzen dituguna, amatasunaren izenean desberdintzen garena, familia tradizionalaren estruktura mantenarazi nahi duguna, batak besteari zor dionaz hitz egiten hasten garena, mendekotasunak irensten dituguna... Eta, azkenean, gure gurasoen berberak izan garela ohartarazten garenekoa. Eta ez, agian argazkiko bi emakumeak bi ezezagun baino ez dira.