Alaia Martin
IRITZIA

Mina esker

Kontzeptu abstraktu samarra da mina baina badaki zehatza izaten. Zabar jokatzen du batzuetan, neurriz kanpo, zapaltzaile, baina zorrotz jokatzen ere badaki, leku eta une zehatzean azaltzeko gaitasuna ere badu. Ez daude antzeko bi min edo ez dago bi minok antzekoak direla frogatzerik. Dagoen sentsaziorik eztabaidaezinenetarikoa izango da, ziurrenik, azaltzen zailena eta azaleratzen errazena.

Ez dut uste “mina” hitza ahoskatu eta jarraian izenondo eder asko zerrendatzen dizkigunik garunak, normalean. Mina sufrimenduarekin, prozesuarekin eta jasatearekin lotzen dugulako izango da hori, ziurrenik. Mina bere horretan, hala ere, ez da geuk geure aurka sortutako zerbait; geure gorputzak geure aurka sortutako zerbait. Funtzio bat du minak eta guztia bezala, gaizki erabil genezake eta disfuntzional bihurtzeko aitzakia bihurtu.

Minak laguntzen digu eskua sutan jartzen dugunean garaiz kentzen, erdiminak laguntzen digu gorpuzkera erditzearen beharretara egokitzen, minak erakusten digu non ez egon, norekin ez elkartu, gu guregandik ez banantzen irakasten digu. Egia gordinegi esateko ohitura duen lagun zoragarri horietariko bat da mina. Minaz ari naiz orokorrean baina ez nuke orokorkeriaz ari nahi; badira min objektibo eta etengabeak ere, eta horien aurrean erabateko erabakitzeko askatasuna aldarrikatzen dut, zalantzarik gabe. Bestelako minez ari naiz.

Ustez besteek egiten digutenean min, gure minen koordenadak jasotzen ditugu sari gisa; besteen mina zein zirrikitutatik sartu zaigun arakatzeko aitzakia da besteei esker sentitu dugun mina. Minaren beldur gara, baina minaren beldurrak berak areagotzen digu minaren pertzepzioa eta iraupen denbora, minutuz minutu.

Zehatzak eta orokorrak egiten digu min, jarrera aktiboek eta pasiboek, gertukoenek eta gertuan eragiten diguten urrunekoek. Erraza da min hartzea, emanda edo eman digutelakoan. Hitz egiteko erak egin diezaguke min; mintzairak, maitatzeko era normatiboek; maiteminak, lan baldintza eskasetan eta esker onik gabe lan egiteak; duintasun minimorik gabe, min batzuk bakarrik ikusten dituzten ministro eta ministerioek ere egituraz egiten digute min... Mingain bat daukanak mina eragiteko eta saihesteko tresna bat dauka aho barruan eta askok ez dute euren kristalezko ahosabaiaren boterearen kontzientziarik.

Minak denok berdintzen gaitu, baina zein baliabide ezberdinak dauzkagun min hori kudeatzeko eta ikusarazteko… Askotan ihesi egiten diogu minari eta horrelakoetan normalean mina itzuli egiten da, zena baino munstroago itzultzen da, bizitzaren labirintoko bihurgune berri batean egoten da zain, Minotauro itxuran. Ez dago minari ihes egiterik, norberaren baitatik bultzatuta ez baldin bada. Ez zait mina gustatzen baina minari esker, zuek guztiek bezala, nik ere, asko ikasi dut. Inoiz, poza ere ematen dit minak, anestesia orokor garai hauetan. Ez nago harro baina hala da. Albistegia ikusten edo egunkaria irakurtzen ari naizela edo ingurua hankaz gora sumatu eta min hartzean, lasaitua hartzen dut, mina sentitzeko gaitasuna erabat galduta ez daukadalako, ez daukagulako. Iraultzeko indarra, salatzeko indarra eta minak ikusarazteko borrokatzeko indarra, minak berak eman digu historikoki eta luzaroan beharko dugula dirudi. Ez diezagutela hori ere kendu.