AMAIA URIBE
IRITZIA

Belaunaldiak

Googlek dio 25-30 urte daudela belaunalditik belaunaldira. Sarritan iruditzen zait, ordea, aldea are handiagoa dela. 25-30 urte arrunt izan ordez, 25-30 argi-urte balira bezala. Belaunaldi bakoitza, planeta batekoa balitz bezala. Horixe pentsatzen dut 7 urteko semea 93 urteko birramonarekin ikusten dudan bakoitzean. Gernikako bonbardaketa jasandakoa da birramona. Bonbardaketak tabletean bakarrik ikusi ditu birbilobak. Gerra osteko miseria zer den ondo daki birramonak. Zenbat jostailu dituen ere ez daki birbilobak. Etxetik gutxi ateratzen da birramona. 7 urterekin birramonak bizitza osoan bidaiatu duena baino gehiago bidaiatu du birbilobak. Zimur eta azal leun, esperientzia eta inozotasun, maitasunak bakarrik batzen ditu bi belaunaldiak.

Bitxia da, baita ere, gurasoekin gertatzen zaidana. Gero eta urrunago ikusten dut haien belaunaldia. Duela gutxira arte, beraiek ziren edozer egiten laguntzen zidatenak. Orain, euren etxera noan aldiro mugikorrarekin dituzten arazoak konpontzeko edo hegaldiak erosteko eskatzen didate. Eta ez dira bakarrak. Haien adineko asko galduta ikusten ditut, metroko txartela erosteko makinetan edo supermerkatuan norberak ordaintzeko jarri dituzten kutxetan. Teknologia azkarregi doa beraientzat. Aro analogikoan jaio ziren, eta tornado digital honek irentsi egiten ditu batzuetan. Ustekabean, 60-70eko hamarkadetako belaunaldi iraultzailea izatetik aro digitalean bizirauteko borrokan dabiltzan belaunaldia izatera igaro dira.

Garaiak aldatzen ari dira eta belaunaldi berrien jarrerak ere bai. Gure seme-alabak libreago, toleranteago eta berdintasunean finkatuago ikusten ditut, gurekin alderatuta. Gogoan dut homosexuala zela esatera ausartzen ez zen herriko mutil hura. Gogoan dut klaseko mutil bat ere ez zela ikastolara etortzen larrosa kolorez jantzita. Gogoan dut ikastolako neskatila beltza exotikoa iruditzen zitzaigula. Orain, baina, bi aita izatea ez zaie arrotza egiten. Mutilek zapatila fuksiak janzten dituzte futbolean jokatzeko. Eta ume askok azal kolorerik ez dute ikusten. Asko dago egiteko, baina pentsatu nahi dut bide onetik goazela.

Ez dakit nolakoak izango diren jaio barik dauden belaunaldiak. Ez dakit hegan egiten duten autoak gidatuko dituzten edota hauts itxurako janaria jango duten. Ez dakit polimaitasunean biziko diren edo tenperatura jasangaitzen ondorioak pairatuko dituzten. Baina badakit gure belaunaldia arrotza egingo zaiela, norberari beste belaunaldiak arrotzak egiten zaizkion bezala.