MIREN AMURIZA
IRITZIA

Portuko malabaristaren ipuina

Bazen behin Teo izeneko malabarista gazte bat. Bizilagun zuen andrea ofizio horretan ibilitakoa zen eta txiki-txikitatik sentiarazi zion jolas harekiko lilura. Sarri kontatzen zion zelan antzina, Egiptoko piramide eta faraoien garaian, emakumeak hasi ziren malabareak egiten printzeen atsegingarri. Teok mutikotxo bat zela ekin zion etxeko sagar, mandarina zein intxaurrak airean dantzarazteari eta berehala ikasi zituen bizilagunaren trikimailu guztiak. Zekarren zaletasuna ikusita, herriko Malabarista Eskolara eraman zuten gurasoek eta handik pasatu zen Malabareen Kontserbatorio Nazionalera. Kaskondu zenerako malabarista bikaina zen mutila eta lantzean herri batean emanalditxoak eskaintzen hasi zen beste artista batzuekin batera.

Udaldi osoa igarotzen zuen inguruko plaza, portu, hondartza zein kale ertzetan malabareak egiten, zirkuren batetik noiz deituko desiratzen beti. Dei gehienak udazkenera arte atzeratzen ziren, ordea: «Kaixo Teo! Azaroaren 19an Gizonezkoen Nazioarteko Egunaren harira, zirku handi bat prestatu dugu eta zu etortzea gura genuke…». Eta beste hainbeste hilaren 16, 17, 18 edo 20rako. Laster betetzen zitzaion kalendarioa: «Sentitzen dut, 18an ezin dut. Baina nahi baduzu, hurrengo astetik aurrera libre nago!». Eta zirkuko nagusiak: «Ez, hurrengoan ez. Dagoeneko data jarrita dago eta... Emango al zenidake beste malabaristaren baten kontaktua?». Eta Teok: «Bai, Zezilia adibidez oso ona da…». Eta deitzaileak: «Ez, mutila behar du izan…». Azaroaren erdialdea zirkurik handienetan igarotzen zuen gazteak bere antzeko malabarista, trapezista eta magoz inguratuta. «Zeinen hunkigarria den lau mutil malabareak egiten ikustea!», esaten zuen jendeak txaloka. Emanaldiak bukatutakoan harro etortzen zitzaion domadore nagusia: «Oso ona haiz, txo! Datorren urtean ere deituko diagu!». Ondoren, karpa handiak batzen zituzten eta han ikusten zituen Teok karabana ilarak urruntzen, auskalo noiz arte. Kariokak eta pilotak zakutoan sartu, eta bere plazatxoetara itzultzen zen orduan.

Urteak egin zituen joan-etorrian, baina gogaitzen hasita zegoen, zirkuaren handitasuna atsegin zuen arren, kalean aurkitzen baitzituen sormena eta askatasuna. Hurrengo azaroan ere, han deitu zion domadore nagusiak. Teok, ordea, bestela erantzun zion ordukoan: «Eskerrik asko gonbitagatik, baina ez dut udagoieneko zirkuan parte hartuko. Negurako presta nezake emanaldi berezi bat suzko pilotekin, edo udaberrirako monozikloaren gainean… Deitu aurrerago eta pozik joango naiz!». Oraindik ez diote deitu, baina gustura dabil Teo porturik portu bere monoziklo zaharrean; zirkuan ilusio optikoak baitaude, baina magia kalean.