Bidaiari

Autokarabana eta karabanen turismoa arautzeko lehen ordenantza izapidetzen hasi da Gasteizko Udala

Gasteizko Udaleko gobernu bilerak autokarabanentzako eta karabanentzako eremuen erabilera arautuko duen lehen ordenantza onartu du. Hazten ari den fenomenoa antolatzea, segurtasun juridikoa eskaintzea eta hiri ingurunearekiko errespetuzko bizikidetza bermatzea da lehentasunezko helburua.

Udalak autokarabanentzako eta karabanentzako eremuen erabilera arautuko du.
Udalak autokarabanentzako eta karabanentzako eremuen erabilera arautuko du. (Getty Images)

Inplikatutako sektorearekin «lankidetza zuzen eta eraikitzailean» egin da ordenantza, bereziki Club Camping Caravaning Alava-rekin, erregulazioaren hainbat alderdiri buruzko oinarrizko akordioak lortu baitira elkarte horrekin. «Erabiltzaileen eta herritar guztien beharrei erantzuten dien testu orekatua da emaitza», Gasteizko Udalaren arabera.

Gaur egun, Gasteizek autokarabanentzako eremu bat du Luis Olariaga, Julian de Arrese eta Gernikako Arbola kaleen inguruan (Lakua-Arriaga eremuan), baina araudi berriak etorkizunean eremu berriak gaitzea ahalbidetuko duen esparru malgua barne hartzen du.

Beatriz Artolazabal Espazio Publikoko eta Auzoetako zinegotziaren aarabera, «ordenantza honek gero eta gehiago ikusten den erabilera antolatzeko beharrari erantzuten dio. Turismo ibiltaria hartzearen eta bizikidetza, segurtasuna eta gure espazio publikoekiko errespetua bermatzearen arteko oreka bilatzen dugu».

«Funtsezko alderdiak»

Araudiak «funtsezko alderdiak» jaso ditu, hala nola zehaztutako ordu tarteetan sartzea eta uraren aldaketa, soilik PVerde aplikazio mugikorraren bidez egindako erreserba bitartez sartzea eta esleitutako plaza barruko portaera arauak.

Zehapen araubide bat ere bildu du, eta zerbitzu jakin batzuk erabiltzeko tarifak ezarri ditu; tarifa horiek 2025eko ordenantza fiskaletan daude jasota dagoeneko.

Artolazabalek «arduraz» aritzeko deia egin die udal talde politikoei, behin betiko onarpena ahalik eta zabalena eta arinena izan dadin. «Ordenantza honekin, Gasteizek aurrera egiten du hiri irisgarri, jasangarri eta ordenatua izateko ereduan. Hiriko eguneroko bizitzarekin harmonian bizi daitekeen turismo ibiltari arautu eta errespetuzkoaren alde egiten dugu», ziurtatu du.