bidaiari - bidaia aldizkaria

Egiptoko Museo Handia hiru astez itxiko dute inaugurazioa prestatzeko

Egiptoko Museo Handiak ateak itxiko dizkie bisitariei urriaren 15etik aurrera, inaugurazio ofizialaren ekitaldiak prestatzeko. Irekiera ofiziala azaroaren 1ean hasi eta hiru egunez luzatuko da. Azaroaren 4an irekiko dituzte berriro ateak.

Museo Handiaren kanpoaldea. (Getty Images)

Ahmed Ghoneim Egiptoko Museo Handiko zuzendari exekutiboak argitu duenez, urriaren 15etik azaroaren 4ra bitartean inaugurazio ofiziala prestatzeko antolakuntza eta logistika lanak egingo dituzte.

Gainera, adierazi du museoak azaroaren 4tik aurrera zabalduko dituela berriro ateak bisitariei, ordutegi ofizialean, Tutankamonen hilobia aurkitu zeneko 103. urteurrenean.

Abuztuaren hasieran, Egiptoko Gobernuak aurtengo azaroaren 1a ezarri zuen museoa erabat irekitzeko data berri gisa, agintariek uztailaren 3rako aurreikusitako ekitaldia atzeratu ondoren, Israelen eta Iranen arteko erasoen ondorioz.

57.000 objektu baino gehiago

Inaugurazio ofizialarekin, bisitariek museoko areto guztietara sartzeko aukera izango dute. Gizako hiru piramideetatik gertu dago eta diseinuagatik «laugarren piramidetzat» hartzen da museoa. Bertaratzen direnek aukera izango dute zibilizazio faraonikoaren etapa ezberdinak erakusten dituzten 57.000 objektu baino gehiago aurrez aurre izateko.

Erabateko irekiera hori gorabehera, aurretik museoak espazio batzuk ireki zituen bisitariek erakusketaren zati ezberdinez gozatzeko aukera izan zezaten. Urriaren 16an, adibidez, 14.000 piezako hiru areto ireki zituen.

Egiptoko Museo Handia prest dago egunero 15.000 pertsona hartzeko. Egiptoko Gobernuaren helburua betidanik izan da zibilizazio bakar bati eskainitako munduko museorik handiena eskaintzea. Eta, dirudienez, azkenean lortuko du azaroaren 1ean.