17 NOV. 2025 Donostia eta Astigarraga, sagardoaren inguruko nazioarteko adituen topaleku Sagardo Forumak Euskal Herriko eta nazioarteko adituak bilduko ditu Donostian eta Astigarragan, azaroaren 20tik 22ra, sagardoaren kultura sustatzeko ezagutzak eta esperientziak partekatzeko. Nazioarteko dastatzaileek, sommelierrek, enologoek eta sagardo-ekoizleek hartuko dute parte. (Idoia ZABALETA | FOKU) Bidaiari Sagar eta sagardoaren inguruko jardunaldiek nazioarteko azoka eta lehiaketa bat hartuko dute, non parte hartuko duten Portugal, Norvegia, Herbehereak, Letonia, Frantzia, Polonia, Lituania, Txekiar Errepublika eta Estatu Batuetako sagardoek. Nazioarteko dastatzaileek, sommelierrek, enologoek eta sagardo-ekoizleek lehiaketara aurkeztutako 200 sagardo baino gehiago probatuko dituzte. 9 kategoriatan banatuta dago norgehiagoka. Hitzaldiak eta dastatze gidatuakAzaroaren 20an eta 21ean Astigarragako Erribera Kulturgunean jardunaldi teknikoak egingo dira, non 17 profesionalek ondarearekin, museologiarekin, turismoarekin, sagarrarekin eta sagardoarekin lotutako hitzaldiak eskainiko dituzten. Hilaren 22an, Nazioarteko Sagardo Azoka egingo da Basque Culinary Centerren, publiko orokorrari zein profesionalari zuzenduta. Bertan, besteak beste, sagardo naturalak, apardunak, zaporedunak eta postrekoak dastatu ahal izango dira. Alkoholik gabeko sagardoari eta sagardo-vermutei eskainitako dastatze gidatua ere eskainiko da. Ekitaldi honen seigarren edizioaren aurkezpen agerraldian honako parte-hartzaileak izan dira: Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatua, Jakes Agirrezabal Turismo eta Merkataritzako sailburuordea eta Xabier Urdangarin Astigarragako alkatea.