26 NOV. 2025 Bergarako Laboratorium Museoa saritu dute Ibermuseoak XIII. Hezkuntza Sarian Bergarako Laboratorium Museoa saritu dute Ibermuseoak XIII. Hezkuntza Sarian, ‘Lorategian taupadak, museoaren oihartzunak: inklusiorako bidaia sentsoriala’ proiektuagatik, zentzumenen estimulazioan oinarritutako hezkuntza inklusiborako aurten abiatu duen egitasmo berritzaileagatik, hain zuzen ere. Museoko bildumako argazki bat. (Laboratorium Museoa) Bidaiari Laboratorium museoko iturriek jakinarazi dutenez, Ibermuseoak Hezkuntza Sariak Iberoamerikako hezkuntza lanak aitortzen ditu, eta komunitateekin, narratzeko moduekin eta aldaketa eragile gisa duten funtsezko eginkizunekin duten konpromisoagatik nabarmentzen dituzten proiektuak dira saridunak. Aurten, Latinoamerikako 17 herrialdeetatik jasotako 200dik gora proposamenetatik hamar proiektu saritu dituzte, tartean Bergarako Laboratorium Museoak aurkeztutakoa, hirugarren saria eskuratu baitu. Rosa Errazkin Laboratorium Museoko zuzendariak adierazi duenez, «proiektuak duen izaera berritzaileagatik, jasangarritasunagatik eta garatzen den testuinguruan sortzen duen eragin positiboagatik jaso dugu aitorpena». «Mundu mailako izen handiko museoekin batera izan gara sarituak. Handia da hori. Pozarren gaude eta ondo egindako lanaren emaitza da. Aurkeztutako proiektuak Laboratoriumen esentzia betea baitu bere baitan. Hezkuntzarako tresna da eta gizartea hobetzeko bitartekari. Saria une berezian iritsi da gainera, gure hamargarren urteurrenaren ospakizunen azken txanpan. Urtemuga berezi honi ginda jartzeko modu ederra da», gaineratu du. ‘Zentzumenen lorategia’ Laboratorium Museoak 2024an abiatu zuen ‘Zentzumenen lorategia’, museoaren egoitza den Bergarako Errekalde Jauregiko ingeles estiloko lorategian garatutako hezkuntza inklusiboko proiektu berritzailea. Hasieran, alzheimerra duten pertsonentzat sortu zen, baina proiektuaren irismena zabaldu eta gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden kolektiboak ere gehitu ziren programara, museoak irisgarritasunarekin eta komunitate ongizatearekin duen konpromisoa indartzeko. Euskal Herriko Unibertsitateak, Eusko Jaurlaritzak eta Gertu Kulturak garatutako egitasmo batekin lankidetzan sortu zen proiektua, eta EHUko psikologiako adituek parte hartu zuten bertan, parte hartzaileen beharretara egokitutako esperientzia multisentsorial bat sortzeko aholkuak emanez. Fase pilotua Bergarako adinekoen zentroko egoiliarrekin egin zen –museotik 50 metrora dago–, eta eragin oso positiboa izan zuen: ingurune naturalarekin izandako elkarreraginak oroitzapenak piztu zituen, erlaxazioa eragin zuen eta lotura soziala indartu zuen. Programa zabaldu ‘Zentzumenen lorategia’ proiektuaren arrakastak eraman du Laboratorium Museoa 2025ean programa zabaltzera, ‘Lorategiaren taupadak, museoaren oihartzunak: inklusiorako bidaia sentsoriala’ egitasmoa abiatuta. Kolektibo berriak parte hartzen dute programan, hala nola autismoa duten haur eta gazteak eta bakardade egoeran dauden pertsonak, eta ikusmen, ukipen eta entzumen estimuluko elementuak dituzten zentzumen espazioak egokitu dira. Material eskuragarriak landu dira (irakurketa erraza, piktogramak), eta bitartekaritza taldeari prestakuntza espezializatua eskaini zaio. Proiektu honekin, Laboratorium Museoak «gizartea eraldatzeko espazio gisa duen zeregina» indartu du, «hezkuntza, inklusioa eta jasangarritasuna kulturaren bidez sustatuz».