21 JAN. 2026 Euskal Herriko mendi-multzoen izenak arautu ditu Euskaltzaindiak 201. arauan, ‘Euskal Herriko mendi-multzoen izenak’ titulupean, Euskal Herri osoko 103 mendi-multzoren izenak jaso ditu Euskaltzaindiak. Gainera, arauak Euskal Herriko mapa fisikoa ere badu, zerrendan ageri diren mendi-multzo guztiak beren kokalekuan adieraziak dituena, erabiltzaileak jakin dezan non dagoen mendi-multzo bakoitza. Hernio. (Andoni CANELLADA | FOKU) Bidaiari Euskaltzaindiak Euskal Herri osoko 103 mendi-multzoren izenak jaso ditu ‘Euskal Herriko mendi-multzoen izenak’ 201. arauan. Euskal Herriko lurrazaleko erliebean identifika daitezkeen mendi-multzo nagusien izenak dira, hain zuzen ere. Akademiak jakinarazi duenez, arauko sarreran, mendi-multzoen izenen ezaugarri nagusiak deskribatzen dira, eta izenak arautzeko erabilitako irizpide nagusiak zehazten. Zehazki, euskal mendi-multzoen izenen tradizioaren berri ematen da, eta mendi-multzoen izaera morfologikoa eta dagozkion izen generikoak zein diren zehazten da jarraian. Azkenik, mendi-multzoen izenen berezitasunak eta aldaerak aipatzen dira. Ondoren, izenak ematen dira, taula batean zerrendaturik. Lehen zutabean, mendi-multzoak euskaraz identifikatzeko proposatzen diren izenak ageri dira. Mendi-multzo bakoitzerako proposatzen diren aukerak (osoa, hedatua, sinplea) zehar-marraz bereizirik ageri dira. Generikoa ere bai Bigarren zutabean, berriz, mendi-multzo bakoitzari esleitzen zaion generikoa ageri da. Izen generiko hori hizkuntza estandarrari dagokio eta, nolabait, mendi-multzo bakoitzaren sailkapen formala ematen du aditzera. Hirugarren zutabean, mendi-multzoa non dagoen adierazten da: lurraldea. Zerrendaz gainera, Euskaltzaindiak jakinarazi duenez, arauak badu Euskal Herriko mapa fisikoa ere, zerrendan ageri diren mendi-multzo guztiak beren kokalekuan adieraziak dituena, erabiltzaileak jakin dezan non dagoen mendi-multzo bakoitza.