24 FéV. 2026 Gasteiz, kroketa zaleen topaleku Arabako Kroketaren I. Astea otsailaren 27tik martxoaren 8ra arte ospatuko da, ekimenerako berariaz prestatutako kroketa berezia aurkeztuko duten 44 establezimendutan. Finala martxoaren 9an izango da Gasteizen eta hainbat sari banatuko dira. Hamabi kroketa iritsiko dira finalera. (Veronica Perez cortes | Getty Images) Bidaiari Arabako Kroketaren Astearen lehen edizioa Harinas Urdanoz www.semanadelacroqueta.es webgunearen sustatzaileak eta Aitor Buendiak zuzentzen duen La Ruta Slow-k sustatu dute Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta SEA Ostalaritzaren babesarekin. Ekimenean parte hartuko duten ostalariek beren indarrak neurtuko dituzte lurraldeko kroketarik onenaren saria eskuratzeko. Lehiaketan era guztietako osagaiak eta elaborazioak baimenduko dira, eta kroketa tradizionalak edo berritzaileak aurkeztu ahal izango dira, baita glutenik eta laktosarik gabeko bertsioak ere. Hamabi finalista Kroketa Asteko dastatze fasea amaitu ondoren, 12 finalistak elkartuko dira, martxoaren 9an, 16:00etan, Gasteizko Abastos Merkatuko Sukaldaritza Gelan. Finala amaitzean, lehen, bigarren eta hirugarren sariak, sormenaren eta berrikuntzaren saria, kroketa edo frijitu tradizionalaren saria, frijitze puntu onenaren saria, krematsutasun handienaren saria eta uztartze onenaren saria banatuko dira. Lehiaketa irabazten duen kroketak, gainera, Euskal Herriko Kroketa Txapelketaren finalerako zuzeneko pasea lortuko du. Txapelketa hori urtero egiten da Gasteizen, Kroketak.eus izeneko ekintzailetza proiektuaren baitan. Horren lantegia Jundizeko Udal Enpresen Hazitegian dago, eta produktuak Gasteizko Abastos Merkatuan eskaintzen ditu. Ekimen gastronomikoan 44 establezimenduk hartuko dute parte (ezinbestekoa da barran kroketa eskaintzea), Gasteizko ibilbide eta zonaldeetan eta Arabako beste hainbat tokitan banatuta, hala nola Aiaraldean eta Lautadan, bi ibilbidetan. Ekimenaren helburua da lurraldeko ostalaritza sustatzea, belaunaldi guztietako publikoaren artean oso harrera ona duen pintxo klasiko hori erdigunean jarrita.