Munduan pasieran

«Uderzo, edabe magikoa bezala»

Pariseko Maillol museoan “Uderzo, edabe magikoa bezala” erakusketa dago ikusgai irailaren bukaera arte. Marrazkilaria orain urtebete hil zen eta omenaldi gisa antolatu dute ekimena Uderzoren alabak eta alargunak. Erakusketak Asterix eta Obelix ezagunen sortzailearen ibilbide zirraragarria gogoratzen du, familiako artxibo pertsonaleko 250 lanen bitartez. Sylviek eta Ada Uderzok artxibo zabala berreskuratu dute erakusketarako, 92 urte zituela hil zen marrazkilariaren antolaketa-gaitasuna egoki erakusten duen bilduma aberatsean. 1920ko hamarkadan Italia faxistatik ihes egin behar izan zuen familia bateko kidea zen Uderzo eta, zorionez, marrazten zuen guztia gordetzeko ohitura zuen. Horrexegatik daude ikusgai erakusketan haurra zela egin zituen marrazkiak ere; irudi benetan liluragarriak dira gainera, haur ipuinetako ilustrazio ederrak eta zehaztasun anatomiko harrigarriko arrainak egiten baitzituen jada 7 urterekin.