Egin planak

Iraultza, memoria eta erresistentzia gida

Sator moduan Euskal Herriko hamaika kobazulotan bizitza eman ostean, Xabier Peñalver arkeologo donostiarrak burua altxatu eta sei kontinentetako 350 iraultza, erresistentzia eta memoria gune biltzen dituen bidaia-liburua argitaratu du Txalaparta argitaletxearen eskutik. Irudi anitzekin, era labur eta errazean, ohiko gidek erakusten ez dituzten tokietara hurbilpena egin du Peñalverrek, bakoitzaren informazio aipagarri eta erabilgarrienak bilduta. Frantziar Iraultzatik gaur egunera bitarteko prozesu eraldatzaileak eta askatzaileak gertuagotik ezagutzeko museo, monumentu, estatua, etxe, esparru, parke... ezagun zein ezezagunetara eta, bide batez, historiaz gainezka egiten duten lekuetara, bidaia proposamen zirraragarria.