05 DéC. 2025 Barbados, irla txiki bat, hamaika sekretu Karibeko uharterik britainiarrena dela esan daiteke, irlako edozein txokotan antzeman daitekeenez. Monarkiaren atsedengune kuttunetakoa izan da. Kontuak kontu, nortasun independentea dauka Barbadosek; hain da horrela, ezen errepublika izendatu berri baitu bere burua. Irla txiki honek dituen hamaika sekretuetako bat da. Alde batetik Atlantikoa eta bestean Karibea, eta biei begira oso hondartza ederrez eta lasaiaz jositako uhartea da Barbados. (Getty Images) Urtzi Urrutikoetxea (U.U eta Getty Images) Antilla Txikietako irlek duten abantailetako bat da leku bakarrean ostatu hartuta erraz asko egin daitezkeela eguneko edo egun erdiko txangoak eta gauero leku berera itzuli. Barbadosen kasuan, irlaren hegoalde eta mendebaldean daude ostatu gehienak. Ez da falta luxuzko resort dotorerik, baina horietatik kanpo ere irlako herri eta auzuneetan geratzeko leku asko daude. Eta hegazkinetik jaitsi eta hondartza bikainen hasierako liluratik –ederrak baitira benetan– pixka bat aldentzean, berebiziko herri bizitza duten txokoz betetako nazioa ageri da parez pare. Portugesak izan ziren uhartera iristen lehenak, eta «Os Barbados» deitu zioten, «bizardunak» alegia. Irlan dauden pikondoek (Ficus citrifolia) eman zioten izen hori, bizar itxurako sustrai zintzilikariak dituztelako. XVI. mendean gaztelarrak ere ibili ziren inguruan, baina ingelesak izan ziren Barbadosen patuaren norabidea betiko aldatuko zutenak. 1627an lehen britainiar kolonoak lehorreratu eta uhartea Ingalaterrako Koroarentzat aldarrikatu zuten. Hiru mende eta erdi eman zituen horrela. Antilletako gainerako uharteak, piraten eta potentzien arteko borroken menpe, britainiarren eta frantsesen artean etengabe eskualdatzen ibili ziren; Barbados, aldiz, gainerako uharteetatik bereizita ekialdean, nekazaritzarako kolonia izan zen hastapenetik. Rockley Beach (edo Accra Beach), uhartearen hegoaldean dauden harea zuriko hondartza ugarietako bat da. (Jay Springer | Getty Images) Arrantza-ontziak, hondartzan. (Getty Images) Edozelan ere, Antilla Txikietako irla gehienen antzeko geografia dauka Barbadosek: Bridgetown hiriburua eta hiri nagusiak mendebaldean daude; Karibera begira, hegoaldeko hondartzekin batera, hareatza eder eta zabalen eremua da. Iparraldeko muturretik ekialderantz joz gero, erabat bestelako itxura dauka Barbadoseko alde atlantikoak: menditsua, arroilak, kostalde malkartsua, eta surfzaleentzako kostalde bizia. Bata zein bestea geratzeko, bisitatzeko eta gozatzeko txokoz beteta daude. Astebeterako joan dira pakete antolatuetan doazen bisitariak. Hamar egun eginda ere, ikusteko asko geratzen zaien sentipenarekin itzultzen dira gehienak. UNESCOREN ONDARE Bridgetown historikoa eta Garrison Area arkitektura kolonial britainiarraren adibide dira; barnean hartzen du XVII., XVIII. eta XIX. mendeetan eraikitako eta egun ere ondo kontserbatzen den hiriburu zaharra. Unescok duela ia hamabost urte Munduko Ondareen zerrendan sartu zuen gotorleku militarra, Bridgetowneko alde zaharrarekin batera. Dordoka berdeak ohikoak dira Barbadoseko uretan, Carlisle Bay-n urpekaritza egiten ari direnek sarritan ikusten dituzte. (Kat Harrison | Getty Images) Zati historiko ikusgarri honetaz gain, Barbadoseko hiriburuan Carlisle badia ere badago, uharteko hondartza ederrenetako batzuez inguratuta. Hegoaldeko kostaldearen abiapuntua da. Bertan Kariberen xarma lasaia eta eguneroko bizimodua elkartzen dira. Hondartza zuriak eta ur turkesak daude, hotel dotoreak eta nazioarteko jatetxeak, gaugiro bizia, baina herri atseginak ere bai. Bajan (barbadostar) herriak eta herritarrak ezagutzeko txokoa da. Herri horietako esanguratsuena Oistins da, ziurrenik. Arrantzale herria izan da historikoki, eta hala da gaur egun ere. Ron-dendak, tabernak eta saltokiak ez dira falta, ezta turistak ere. Oso hondartza ederrak daude aldamenean. Hori guztia, herritarren topagune eta egunerokoan murgiltzeko aukerarekin batera. Inguruko Saint Lawrence Gap-eko hotel eta diskoteketatik oso gertu egon arren, bere bizimodu atsegin eta lasaiari eusten jakin du Oistinsek. Horren adibide dira arrain-azoka eta haren aldameneko Oistins Bay Garden janari-plaza. Azokak Berinda 'Baby Doots' Cox-en omenezko izena dauka, arrantza industrian 50 urte eman zituen emakumearena. Bridgetown ia 400 urtez izan da Barbadoseko hiriburu. Erdigunea eta gotorleku militarra Unescoren munduko ondarearen zerrendan daude. (Nancy Pauwls | Getty Images) ARRANTZA Txoko gehienek antzeko menua daukate, egun osoz eta gauera arte: arrain hegalaria, atuna, mahi-mahia, ganbak eta otarraina, arroza eta babarrunak, bajan makarroi tarta, patata gozoak eta entsalada mota ugari. Kanpotar gehienoi begirada dolphin izenera joaten zaigu. Ez, ez da izurde; mahi-mahia urraburu mota bat da. Atlantikora bidean goazela, Sunbury Plantation House etxalde dotorean egin dugu geldialdia. 1660ko hamarkadan eraiki zuen Matthew Chapmanek, Barbadosera lehen kolonoak lehorreratu eta gutxira finkatu zen ingelesak. Barbadoseko beste lurjabe askoren antzera, Sunburyk uharteko azukre-industria bultzatu zuen. Afrikar esklaboen lan gogorrari esker gauzatu zen bi mendez, 1834an emantzipatu ziren arte. Antzinako altzariak, kaobazko altzariak eta uharteko lehen plantazio garaietako objektu historikoak ikus daitezke. Zalgurdien bilduma ikusgarria ere badago. Codrington College, Ameriketako seminario anglikano zaharrena izan zen. Atlantikoari begira kokagune ikugarria dauka. (Urtzi Urrutikoetxea) Etxaldea baino kilometro bat lehenago, Foursquare ron-destilategia dago. Azukre-kanabera usaina berehala antzematen da. Bisita interesgarria da, iparraldeko bodegek turista gehiago erakarri arren. Barbadoseko ekialdeko kostaldean mapan ondo adierazi gabeko bideak, bihurgune eta gorabehera malkartsuak, herri txikiak eta ustekabean ageri diren etxalde dotoreak batzen dira. Codrington College da horren adibide, palmondoen arteko bidetik hurbiltzen zaren unetik. Igandean joanez gero, eskolako korua entzuteko aukera ere badago. XVIII. mendean sortua, egun teologia-eskola anglikanoa da. Soup Bowl edo “zopa-ontzi” hondartza ere, itsasoko harkaitz handiekin, lehorretik ikusteko leku paregabea da Bathsheba, Atlantiko ekaiztsuaren aurrean, kostalde honetako arrantzale herri nagusia da. Lekuak Karibe kutsu handia du eta egurrezko etxe bitxi eta distiratsuz eta eliza pintoreskoz osatuta dago. Olatu erraldoiak itsaslabar malkartsuetan hausten dira, eta surflarien toki kuttunetakoa da Barbadosen. Soup Bowl edo “zopa-ontzi” hondartza ere, itsasoko harkaitz handiekin, lehorretik ikusteko leku paregabea da. Tira, lehen begiratuan hondartzan aurkitutako harkaitz erraldoiak diruditenak, egia esan, antzinako koralezko arrezife batetik hautsi diren formazioak dira! Andromeda lorategi botanikoa dago Bathsebako irteeran. Ez da uhartean dagoen bakarra; kostaldea utzita eta barnera eginda, beste batzuen seinaleak ere ageri dira; Hunte’s Garden, esaterako. Morgan Lewis haize-errota, uhartearen historian azukrearen industriak izan duen garrantziaren adierazle. (Getty Images) BARNEALDE NATURALA Agintari kolonial zikoitzek Afrikatik bahitutako pertsonak beren sailetan lan egiteko esklabotzan hartzeaz batera, Barbadoseko baso gehienak “garbitu” (txikitu) zituzten nekazaritzarako. Barnealdeko txoko batzuetan mantendu da jatorrizko altxor naturala, horratik. Gullies izeneko sakanak formazio geologiko naturalak dira: Barbados batez ere kareharrizko koralez osatuta dagoenez, milaka urtean zehar, euri urak arroka-geruza bigunagoak higatu eta kanal sakonak sortu ditu. Arrakala estu eta sakon hauek kareharrizko lurra zeharkatzen dute; uharte osoan zehar drainatze-sistema naturalen sare paregabea osatzen dute. Uhartearen %5 hartzen dute; batzuetan dozenaka metroko sakonera dute. Iristeko zailtasunari esker iraun dute hainbat landare espeziek. Narrastiak, hala nola muskerrak eta arrisku larrian dagoen Barbadoseko hari-sugea (munduko suge txikiena), lubaki hauetan bizi dira. Baita Afrikako jatorria daukan tximino berdea ere. Harrisonen kobazuloa, 210 metroko altueran, oso ezaguna da. Handik kilometro pare batera dago Welchman Hall amildegia. Kobazulo baten teilatu eroritik sortutako kareharrizko amildegi naturala da. Landare exotiko ugariren bizilekua da; besteak beste, intxaur muskatua, banbua eta bertako palmondoak aurkituko ditugu. Ondo zaindutako bide batetik esploratu daiteke, eta litekeena da arroilan bizi diren 30 tximino basatiak ere ikustea. Ez da uhartean tximinoak dauden leku bakarra; egiaz, asko, gehiegi, daude, eta nekazaritzan txikizio handiak egiten dituzte. St Nicholas Abbey eta lurrun-trena da uhartearen iparraldeko bisitaleku ospetsuenetakoa. XVII. mendeko etxaldea da, ez gune erlijiosoa St Nicholas Abbey eta lurrun-trena da uhartearen iparraldeko bisitaleku ospetsuenetakoa. XVII. mendeko etxaldea da, ez gune erlijiosoa. Etxaldearen paisaia oparoa arakatzeko eta uhartearen historiaren zati bat bizitzeko modu paregabea eskaintzen du. Trena oso berria da berez; hamar urte ere ez ditu, baina XIX. mendeko lurrun-lokomotor batek gidatuta, 2,5 kilometroan zehar, plantazio historikoa, kaoba basoak eta landa paisaia ederrak zeharkatzen ditu Cherry Hill-eko gailurreraino. Bridgetown hiriburuko Careenage barne-portuan hareatza zegoen behinola, egun kirol-portua da. (Nancy Pauwls | Getty Images) “BRISTOL TXIKIA” Atlantikotik Kariberainoko bidea eginda, Speighstown ageri da, Barbadoseko bigarren hiria. Bien artean, Platino Kostaldea dago. Hondartza zuriak, turkesa koloreko urak eta luxuzko etxalde ugari. Speightstown 1630ean sortu zuten, eta XVII. mendean herriko portuak paper garrantzitsua izan zuen: esklabotzan bahitutako afrikarrek ekoitzitakoa Europara bidaltzen zen. Bi kontinente zapaltzetik ateratako azukrez eta beste produktu batzuez betetako merkataritza-ontziak Londresera eta Bristolera joaten ziren. Speightstowni Little Bristol (Bristol Txikia) deitzen zitzaion. St. Peter parrokia uharteko eliza anglikano zaharrenetakoa da, baina ez da herrian ikus daitekeen monumentu historiko bakarra. Speightstown 1630ean sortu zuten, eta XVII. mendean herriko portuak paper garrantzitsua izan zuen: esklabotzan bahitutako afrikarrek ekoitzitakoa Europara bidaltzen zen Oso gertu, Holetown-eko Folkstone Marine Park dago. Ondoan, 1628ko St. James eliza dago, lehen britainiar kolonoak lehorreratu ziren lekutik gertu eraikia. Hondartzak erakartzen du jendea hona, snorkela eta botiladun urpekaritza egiteko Barbadoseko leku zoragarrienetakoa baita. Zatirik garrantzitsuena kostaldeko arrezifea da, arrain koloretsuz, gorgoniaz eta koralez betea. Urpekaritza egiteko aproposa da; loro-arrainak, itsas dortokak eta noizean behin arraia batzuk ere ikus daitezke ur sakonetan. Bridgetown eta Speightstown artean autobus ugari dabiltza, edozein hondartzatatik hurbil geldialdiak eginez. Hiritik irten eta berehala, edo iparraldetik etorrita justu hiriburura sartu aurretik, Paradise Beach dago. Errepidetik pixka bat urrunduta egotea hondartzaren edertasunaren onerako da, oraindik ere harribitxi ezkutu samarra izan dadin, turistek alderik alde bisitatzen duten kostalde honetan. Bridgetown historikoa eta Garrison Area arkitektura kolonial britainiarraren adibide dira; barnean hartzen du XVII., XVIII. eta XIX. mendeetan eraikitako eta egun ere ondo kontserbatzen den hiriburu zaharra. Unescok duela ia hamabost urte Munduko Ondareen zerrendan sartu zuen gotorleku militar hori, Bridgetown alde zaharrarekin batera