Arantxa MANTEROLA
BAIONA
BAIONA

Urrats xume baina hunkigarria, hiru hilabete eskaseko lanaren ondorioz

Eguerdia pasatxo iritsi zen atzokoan Christian Belaskain errugbi zelaira Baionako Herriko Etxe aitzinetik 11.30k aldera abiatutako 1.500 lagun inguruko giza katea. Antolatzaileek gidatuta, belardi erdian paratzen joan ziren oihal koloretsuz egindako herensugea, hautetsontzi forma eman arte.

Ekitaldia xumea izan zen, baina hunkigarria oso, eta Baionatik ez ezik, Ortzaize, Hazparne, Hendaia, Baigorri, Sara, Ainhize-Monjolose, Uztaritze, Ziburu edota Makeatik jindako herritarren irribarreak eta zenbaiten begien distirak ondo baino hobeto adierazten zuten erabakitzeko eskubidearen aldarrikapen kolektiboaren protagonista zirela. Maialen Arzalluz eta Odei Barrosoren bertsoekin hasi zen ekitaldia, eta, segidan, grina eta sentimendu bereziarekin Eltzegor taldearen “Zazpiak oihal batetik” abesti ezaguna kantatu zuten bertaratutakoek, talde horretako kideek eta Kuxkuxtuko musikariek lagunduta.

Ihintza Ostolaza eta Iban Thikoiperen gain izan zen hitzartze nagusia. «Euskaldunok ez gara inoren baimenaren zain egon gure eskuz obratzeko», esan zuten euskara, ikastolak edo laborantza mailan egindako aurrerapausoei aipu eginez. «Gure herriaren etorkizun politikoari dagokionez ere herritarren boza entzunaraztea behar-beharrezkoa» dela nabarmendu zuten. Izan ere, «gu zer garen, guri galdetu gabe zer izan nahi dugun» nola erabakiko duten galdera pausatu zuten, «deliberatzeko eskubidea eta ardura» herritarrena dela gaineratu aurretik.

Bidea gaurdanik marraztu

Euskal herritarren arteko «gogoeta, eztabaida eta adostasuna etorkizuna deliberatu ahal izateko» beharrezko jo arren, «aldarrikapenak ez direla aski» adierazi zuten. «Hori gure baitan sinetsi behar dugu. Herritarrek gure artean borondate ezberdinak elkarrekin josi eta etorkizunerako nahi dugun bidea marraztu behar dugu gaurdanik», azpimarratu zuten.

Ekitaldia 13.00k baino minutu batzuk lehenago amaitu zen. Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapez zentrista ere bertan izan zen, «ekitaldia bultzatzeko». «Ipar Euskal Herriak behar duen berezko erakundearen aldarrikapena» aspalditik sustatzen duela ere gogoratu zuen.

Gure Esku Dago dinamikara apenas hiru bat hilabete lotu ziren Ipar Euskal Herriko hainbat herritar, pittaka-pittaka talde batzuk eratzen joan dira eta atzokoa «emaitza edertzat» hartu zuten antolatzaileek, Maialen Arzalluzen bertsoak ekitaldian adierazitakoa bere eginez: «Gaurko eguna izan dadila biharkoaren oinarri».