Arantxa MANTEROLA
LUHUSO

Bihotzen, legeen eta aurreiritzien talka taularatuko du «Etxekoak» antzezlanak

Oraingoan ere bere urtebetetze egunarekin bat estreinatuko du Ander Lipusek antzezlan berria, bihar, 16.00etan, Luhusoko Harri Xuri aretoan. «Etxekoak» obrak «bigarren mailako kanpotar» bat familia batean sartzen denean eragiten dituen gorabeherak islatzen ditu. Administrazioaren zentzugabekeriekin eta aurreiritzien harresiekin talka egiten duen amodiozko istorioa du oinarri Jon Gerediagak idatzi eta Huts konpainiak antzezten duen lanak.

Norberaren etxera edota familiara kanpoko norbait ekartzeak beti sortzen ditu halako errezeloak. Norbait hori, Afrikakoa, beltza eta txiroa bada, zer esanik ez. Hori gertatzen zaio Maddiri (Maika Etxekopar), Afrikan egonaldia egin ostean, Mamadou izeneko mutilarekin maitemindu dela eta etxera ekartzeko asmoa duela iragartzen duenean.

Bere amamak (Kristiane Etxaluz), osaba tentelak, Goiok, (Javier Barandiaran) eta osaba Imanolek (Ander Lipus) berria hartuko duten modutik harago, bakoitzak, bere erara, Maddi nola lagunduko duen azaltzen du Artedramak ekoitzitako obrak.

Baina ez hori bakarrik. Lipusen beraren esperientzia pertsonaletik asko duen obrak administrazioak bere dokumentuen amaraun korapilatsuekin jartzen dituen trabak eta betebehar «absurdoak» ere agerian uzten ditu “Etxekoak” antzezlanak. «Kontakizun honek niri gertatu zaidanarekin zerikusi handia du. Neska kubatar batekin maitemindu nintzen eta Euskal Herrira ekartzeko tramiteak latzak izan dira, zinez. Seguru asko estatubatuarra izan balitz, horrenbesterainoko oztopoak ez genituzkeen izango, baina hirugarren mundua deituriko edo herrialde txiro bateko herritarrek, bisa dela, aseguruak, notarioak direla, kontsulatuko galdeketak ‘egiazko maitasuna’ ote den egiaztatzeko, ilara amaiezinetan itxaron beharreko orduak... Zentzugabekeria horri guztiari aurre egin behar diete» nabarmendu du antzezlanaren zuzendariak.

Erpin asko dituen gaia dela bistan geratzen da lanean. «Identitatearekin lotura duten gaiak ukitzen ditu. Dialektika bat sortzen da zer den etxekoa eta zer kanpokoa. Esaterako, etorri berria euskal izaerara moldatuko ote da, hizkuntza ikasiko ote du… kezka horiek ere agertzen dira eta hori, gainera, gu euskaldunak izan arren pasaporte espainola izatearen kontraesanarekin batera», azaldu du Lipusek.

Egun ikusten ari garen etorkinen eta errefuxiatuen egoera gordina aintzat hartuta gaurkotasun handiko galderak planteatzen ditu obrak. «Adibidez, Siriatik Alemaniara doazen errefuxiatuei pertsona bat jostailu bat oparitzen ikusten dugu eta segidan herrialde bereko polizia bat kolpeka nola ari zaion. Moral bikoitz hori ere azaltzen da. Zerk egiten du norbait etsaitzat edo familiakotzat hartzea?», galdetu du markinarrak hausnarketarako bidea emanez.

Bost urteren ondoren

Jon Gerediagak eta biek bost urte zeramaten elkarrekin lan egin gabe, azkenean gai aproposa aurkitu duten arte. Bere bizipenekin hezurtutako istorioa Gerediagak «hainbeste behar nituen hitzekin eta poetikarekin» jantzi duela aitortu du, emaitzarekin eta proiektu honetan bidaide dituen gainerako kide guztiekin «oso pozik» dagoela gaineratu aitzin.

Hameka egituraren bitartez, oraingoan Luhuson, egonaldian, burutu dute prestaketa lana. Euskal Herri osoko aktoreekin lan egiteak eta sorkuntza prozesua herri desberdinetan (Leioa, Zumaia, Maule…) lekukotzeak tokiko elkarte, euskaltegi edota egiturekin ere halako uztarketa interesgarria ematen diola uste du Lipusek: «Guk egiten dugun teatroa euskal komunitateari begirakoa da eta euskaraz ari garenon espazioan mugitzen gara. Horregatik hain markatuak ditugun Iparralde-Hegoalde mugak apurtu eta euskal komunitate horrekin gure lana partekatzea ere bilatzen dugu. Herri desberdinetako aktoreen parte hartzea, gainera, ikuskizuna Bilbon, Hazparnen, Iruñean edota Markinan taularatzeko baliagarria delakoan gaude».

Ekainera bitartean 40tik gora emankizun hitzartuak dituzte dagoeneko (informazio gehiagorako ikus www.etxekoak.eus).

Antzezlana Euskal Herriko ahalik eta txoko gehienetara eramatea eta jendearekin «konpartitzea» da Lipusen eta bere kideen nahi behinena. «Guk gure etxeko ateak zabalik dauzkagu ikuslea sar dadin. Bere puntu garratzarekin ere obra ederra aurkituko dute», ziurtatu du.

Eta, bide batez, Mamadouk azkenean Euskal Herrira etortzea lortuko ote duen jakingo dute...