Ion SALGADO
GASTEIZ

3. eta 6. mailako azterketei planto egingo die HPTk

3. et 6. mailako azterketak ez aplikatzeko eskatu zien atzo Hezkuntzen Plataformen Topaguneak Gasteizko eta Iruñeko gobernuei. Aplikatuz gero, planto «tinko eta orokortua» bultzatuko duela ohartarazi zuen.

Hezkuntza Plataformen Topaguneak Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailako azterketak ez aplikatzeko eskatu zien atzo Gasteizko eta Iruñeko gobernuei. «Entzun ezazue iaz eta aurten ere familiek, hezkuntza komunitateak eta HPTk bidalitako mezua. Planto egin diezaiogun elkarlanean herri gisa Lomce lege inposatuari», gaineratu zuen, eta ohartarazpen bat laga zien erakundeei: «Lomce aplikatzeko hautuan jarraituz gero, planto tinko eta orokortua bultzatuko dugu».

Hala adierazi zuen HTPk Gasteizen egindako batzar nagusian. Bertan bildutakoak aipatutako azterketen kontrako plantoa prestatzen aritu ziren. «Iazko ikasturtean bai Nafarroan bai Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, toki askotan, lortu genuen inposatutako 3. mailako azterketa ez egitea. EAEri dagokionez, Eusko Jaurlaritzak planifikatuta zituen 30 ikastetxeetatik soilik Kristau Eskolei dagozkien 13tan eta eskola publiko bakar batean lortu zuen pilotajea egitea; gainerako 14 eskola publikoetan eta bi ikastoletan azterketari planto egin zitzaion», azpimarratu zuen. HPTren ustez, «lorpen ikaragarria izan zen», eta aurten ere jarrera horri eutsiko diote.

Topagunearen iritziz, hainbat arrazoi daude 3. eta 6. mailako azterketei planto egiteko: «Ebaluazio horiek ez dute hezkuntza komunitatearen babesik, Lomceren baitako azterketak dira eta ikasleen ebaluazio jarraitua erabat dinamitatzen dute egun bateko azterketara mugatuz. Emaitza hutsak dituzte ondorio eta ikasleen sailkatzea eta banaketa ahalbidetu dezakete». Halaber, azterketek «eredu erabat antipedagokikoa» dutela oinarri salatu eta ikasleak «zenbaki huts» izatera kondenatzen dituztela azpimarratu zuen.

Plantoaren ideia zabaltzeko, HPTk hitzaldi informatiboak egingo ditu ikastetxe eta auzoetan. Eta, iaz bezala, familia «objektoreak» bilatuko ditu, «ikasleek azterketa hau egin ez dezaten baimenik emango ez dutenak». Eskola kontseilu eta artezkaritza kontseiluetan azterketa horien kontrako idazkiak onartuko direla ere iragarri zuen. «Azterketa hauek Lomceren aplikazioa dira, hau da, Madrildik inposatu nahi zaigun lege arrotz baten bermerako azterketak. Herri gisa, parte hartu, bultzatu eta babestu dezagun plantoa. Herri gisa, egin diezaiogun aurre Lomceri eta honen aplikazioei Hezkuntza Sistema Propioaren alde urratsak egiteko», nabarmendu zuen. Amaitzeko, iragan azaroaren 28an egindako mobilizazioen emaitzarekin pozik azaldu ziren Gasteizen bildutakoak.