GARA
VILLABONA

Kultura nagusi Villabonako dispertsioaren aurkako «Hartu trena» ekimenean

Sarek antolatutako ekimen sorta bat da «Hartu trena», zein pixkanaka-pixkanaka, Euskal Herriko txoko desberdinetatik pasatzen joango den. Amasa-Villabonan kulturarekin lotu nahi izan dute aldarria.

“Hartu trena” ekimena abiatu da Amasa-Villabonatik hasita. Ostiralean antolatu zuten ikuskizunaren helburua euskal preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideak aldarrikatzea da, horretarako Euskal Herriko herri desberdinetan ekitaldiak antolatuz, dispertsioaren gaia pil-pilean egon dadin beti.

«Bidaiarik luzeena ere lehen geltokitik hasten da», bota zuen Oihana Iguaran bertsolariak adieraziz oraindik ere herri asko gelditzen direla baina pixkanaka helmugara iritsiko direla. Ekimenak amaiera izango du, noski, baina ezin dute ahaztu benetako helmuga presoen eskubideen erabateko errespetua dela.

Iguaran ekitaldiko 80 parte hartzaileetako bat izan zen. Horiei 400 ikusleak gehitu behar zaizkio. Kasu honetan kultura arloko Tolosaldeko eragileak batzen saiatu ziren eta ederki bete zuten «trenaren lehen bagoia».

Bi ordu iraun zituen ekitaldia osatzeko Olaederra kiroldegiko taula gainera igo ziren Alurr eta Oinkari dantza taldeak; Eresargi eta Txintxarri abesbatzak; Ibarrako sokatiralariak (trena irudikatzen zuen figura bat mugitu zutenak); Lizartzako Isk&bila txaranga; Haritz Mujika eta Unai Mendizabal bertsolariak; Pirritx eta Porrotx pailazoak; Irene Caminos trialsin txapelduna; Ione Gorostarzu olerkaria; Nerea Barriola sopranoa eta Ana Iparragirre piano jotzailea; Miriam Quinn biolin jotzailea; Kristina Aranzabe eta Leire Berasaluze; Amaia Oreja eta Kristina Solano trikitilariak; Bihozkada taldea; Javi Rivero eta Eneko Amondarain sukaldariak; Juantxo Arakama Glaukoma taldeko abeslaria; eta Garbiñe Biurrun epailea. Bakoitza bere arlotik ekimen dibertigarri eta hunkigarria egiten saiatu ziren.

Elkarrizketa umoretsuak

Nerea Alias eta Xabin Fernandez izan ziren ikuskizunaren gidariak. Fernandez txartel saltzailea zen eta Aliasek «askatasunaren trenerako» txartela erosi nahi zuen.

Mikel Egibar preso ohi zizurkildarra askatu berri dutenez, bere familiarekin hitz egiteko aukera izan zen. Dispertsioa nola bizi izan zuten kontatu zieten Pirritx eta Porrotxi, pailazo ezagunek elkarrizketari umore puntua jartzen zioten bitartean.

Ondoren, Garbiñe Biurrun eta Juantxo Arakama, ama eta semea, elkarrizketatu zituzten. Biek ere dispertsioaren inguruko euren gogoetak plazaratu zituzten.

Jaialdiaren antolatzailea izan zen Iñaki Lizasok azaldu zuenez, «nahi duguna da kulturgintzako bagoi hau ere herritarrek hartzea». Hala, behin trenak martxa hartuta, herriz herri joango da zabaltzen: gaur batzar irekia izango da Oñatin, bihar futbito txapelketa Azpeitian...