Maider IANTZI
DONOSTIA

ELE tresnaren balioa erakutsiz itxi dute hiru urteko zikloa

Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiaren amaieran kontent ziren antolatzaileak, duela hiru urte lehendabiziko edizioa egin zenetik pauso garrantzitsuak eman baitituzte: Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) tresna sortu, aplikatu, baloratu, eta Euskal Herriaren zati batean legez erabil dadila lortu da. Hurrengo urratsa ikasketak eskaintzea izanen da.

UEMAk, Kontseiluak, UEUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hiru urteko zikloa itxi zuten atzo Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiarekin. Egitarau betea izan zuten egun osoan Donostiako EHUko Carlos Santamaria Zentroan bildu ziren 120 lagunek. Arratsaldean burua ideiaz eta edukiz beteta zuten eta egindako bidearekin gustura zeuden antolatzaileak.

Ez da gutxi aurreratu dutena: Eragin Linguistikoaren Ebaluazioaren (ELE) beharraz hausnartu, erreminta sortu, erabili, baloratu eta EAEko Udal Legean txertatzea ere lortu dute. Hurrengo pausoa tresna erabiltzeko ikasketak martxan jartzea izanen da, baita hori gizarteratzea ere, hizkuntza teknikariez harago.

Honek guztiak euskararen arnasguneak babestea du helburu, baina ez hori bakarrik: garatu eta hedatu ere egin nahi dituzte, «euskararen normalizaziorako abiapuntu eta helmuga» direlako. «Hain zuzen, galera-prozesua gertatu den kontrako norantzan, arnasguneek euskarari eusteaz gain, horiek hedatuz, berriak sortuz gauzatuko da normalizazioa», adierazi zuten Batzorde Akademikoko kideek. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Miren Segurola UEMAko koordinatzailea, Unai Fernandez de Betoño Arkitekturan doktorea eta Iñigo Urrutia Zuzenbidean doktorea dira batzorde hau osatu duen laukotea.

Faktore nagusiak

Ondorio gisa, etorkizunari begira kontuan hartu beharreko hainbat elementu azaldu zituen Bilbaok. Lehena da frogatutzat eman dela hirigintzak udalerri euskaldunen egoera soziolinguistikoan eragina duela. Are gehiago, udalerri hauetako euskararen ezagutza txikitzea ekarri duten faktore nagusiak etxebizitza-hazkundea eta biztanle-mugimendua izan dira. Horrenbestez, gune horietan eginen diren proiektuak alde horretatik mesedegarri ala kaltegarriak diren neurtzea ezinbestekotzat jotzen dute.

Bigarrenik, ELE tresna eragingarria dela frogatu dute praktikan, Orion adibidez. Hirugarren ondorioak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Toki Erakundeen Legeak zabaltzen dituen aukerak aipatzen ditu, eta Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian eman beharreko pausoak ere bai.

Laugarren puntua Urrutiak agertu zuen ongi bere hitzaldian, aipatutako EAEko legeak garatzeko dekretuak onartu eta abian jarri behar direla erranez. «Argitu behar den lehen gauza da zein kasutan aplikatuko den eragin linguistikoaren neurketa», esplikatu zuen.

Fernandez de Betoñok bosgarren puntua, euskararen plan sektorialaren aldarrikapena, azaldu zuen. Hasteko, EAEn egitea litzateke berarentzat «errealistena», euskararen arnasgune geografikoak babestu, antolatu eta zabaltzeko. «Ez da Euskal Herrian garapen iraunkorrik izango euskara babesten eta biziberritzen ez bada», baieztatu zuen, jasangarritasunaren lau hankak aipatuz: ekonomia, jendartea, ingurumena eta kultura.