gara, donostia

EUSKADI TA ASKATASUNAREN AGIRIA EUSKAL HERRIARI

1975eko irailaren 27an frankismoak Jon Paredes Manot eta Angel Otaegi Etxeberria hil zituen, FRAPeko hiru militante iraultzailerekin batera. Otaegiren familiak ez bezala, Txikirenak fusilamendua ikusi ahal izan zuen, eta lekukotasuna eman zion gure herriari. Eusko Gudariak kantatzen hasi zen Txiki borreroek tiro egin behar zutenean. Eusko Gudariak abesten egin zuen azken hatsa.

Hamarkada hartan Angel Aldana ETAko ekintzailea zen jada. Joan den apirilean hil zen Venezuelan Aldana, eritasun larri baten ondorioz. ETAko militantea zen, bizi osoko militante iraultzailea. Gaixotasunak gorputza jana bazuen ere, ospitaleko ohean ukabila goian zuela ikusi genuen, Txikik txapelokerren aurrean Eusko Gudariak kantatu zueneko adore berarekin, Otaegiren sendotasun berarekin, beste askoren integritate berberarekin. ETA erakundea harro dago bere kidegoaz eta halaxe aldarrikatu nahi du gaur, Gudari Egun honetan ere. Doakie bidean eroritako lagun eta burkide guztiei gure omenaldirik beroena. Doakie haien senide eta lagunei besarkadarik goxoena. Bihotzean eramango ditugu beti.

Eroritako lagunei egin ahal diezaiekegun omenaldirik handiena askapen prozesuan aurrera egitea da. Hori da orain bost urte ETAk hartu zuen erabaki estrategikoaren muina, eta gaur egun ere, hori da ETAren eta bere kidegoaren iparrorratz bakarra.

Frankismoaren garai beltzak Euskal Herria desagertzeko zorian jarri zuen, eta ordura arteko euskal erreferentzi politiko nagusiak (PNV) amore emana zuen. ETAk zapalkuntzari aurre egin zion eta, aldi berean, euskal nazio sentimenduaren berpiztea ekarri zuen. Etorkizuna izan ahal izatea ahalbidetu zuen ETAren jaiotzarekin sortutako ezkerreko mugimendu politiko berriak, emantzipazio proiektu politiko oso bat erdiesteraino. Merezi izan zuen ahaleginak.

Frankismoaren ostean “trantsizioa” iritsi zen, Euskal Herria zatitu eta asimilatzeko asmoarekin; zoritxarrez, hemen ere izan genituen ahalegin harekin kolaboratu zutenak. Urteak pasa ahala, gero eta nabarmenago ikusi dugu une hartan egindako azterketa politikoaren zuzentasuna.

Edonola ere, ezker abertzalea ez zen sortu burrunba eginez, itxurakeriaz, bazter batean geratzeko, fosilizatuta geratzeko. Egindako bideak herri prozesu demokratiko bat garatzeko aukera ekarri du. Horretarako baldintzak lortu dira urteotan eta baldintza horiek profita daitezen ahaleginak eta bi egiteak izan behar du ezkerreko independentismoaren lehentasuna. Hori zor diegu bidean eroritakoei eta, beste edozeren gainetik, horixe da Euskal Herriaren aurrean dugun ardura.

Eta horretarako, larritasunetan eta epe laburrean ito gabe, lasaitasun estrategikoa behar du ezker abertzaleak. Agiri hau idazteko orduan ez dira oraindik EAEko hauteskundeak egin. Ezin ditugu, beraz, emaitzak baloratu, baina, nolanahi ere, ezin dugu gertaera eta une politiko bakoitza definitibotzat hartu. Bihar ere argituko du-eta. Ez euforiarik ez muturreko etsipenik.

Herri prozesu independentista garatzeak denbora eskatuko duela bistakoa da, konfiantza irabazteko, soroa behar bezala landatzeko eta itxaropena argudio sendoz janzteko. Ezker abertzaleak erronka honen tamaina barneratu eta bere gaitasun politiko eta sozial osoa aktibatu behar du norabide horretan. Askapen prozesuaren egungo fasean, helburua euskal Estaturantz eramango gaituen ibilbide demokratikoa nagusi bilakatzea da, eta honek lasaitasunez eta ikuspegi argiz lan egitea eskatuko du.

Lasaitasun estrategiko horri esker egin ahal izango ditu ETAk berak ere dagozkion urratsak.

Orduko autonomismotik bide oparoagoa egin zitekeela uste izan zuen zenbaitek ere Espainiako Konstituzioak ezarritako mugak gaindiezinak zirela egiaztatu dute, eta orain burujabetza prozesuaren beharrarekin bat egiten dute. Kritikoak dira ETAren jardun historikoarekin, eta hala izango dira aurrerantzean ere. Etorkizuna eraikitzeko ezingo diogu bata besteari norberaren egi bakarra eta ñabardurarik gabekoa inposatu, baina etorkizun hori eraikitzeko erantzukizuna dugu denok.

Ibilbide berri horren gainean egingo dituzte kontakizun berrituak datozen belaunaldiek. Orain arte, fase politiko bakoitzean, gazteriak ekarpen berezia, apartekoa egin du, eta hemendik aurrera ere gazteriak lehen mailako protagonista izan behar du prozesu independentista eraldatzailean.

Bidea marraztuta, estrategia aldaketaren balioa eta estrategia independentista garatzeko erabaki politikoa berretsiz, preso, iheslari eta deportatuen etxeratzeari merezi duen urgentziaz heldu behar zaio, gatazka konpontzeko nahiarekin bat egiten duten guztien arteko akordioen eta indar metaketaren bitartez, guztion artean aurrera eginez, kartzelak hustu arte, munduan barreiatuta ditugun anai-arreba denak etxera ekarri arte. Doakie gure aldetik kartzelan eta erbestean dauden borrokalariei gure besarkadarik iraultzaileena.

Bost urte beteko dira datorren hilean Aieteko Konferentzia egin zela eta, haren adierazpenean jasotako ondorioei erantzunez, ETAk borroka armatua behin betiko utzi zuela. Ez dira orduan jarritako gutxienekoak bete, eta ez zaie konponbiderako agenda osatzen duten aferei behar bezala erantzun. Soilik ETAk bete du hitza. Agerikoa da estatuek izandako jokabide eskasa baino eskasagoa, eta bistakoa ere bestelako emaitza oparoagoa izan zezakeela horiek gutxieneko konpromisoa izan balute.

Hortxe dugu Kolonbiako adibidea, Aieteko aukera baino beranduago, eta zenbait oinarri berdintsurekin, hasi zen prozesuaren adibidea. Arrakasta izan dute abiatutakori segida emateko borondatea egon delako. Zoriondu nahi ditugu Kolonbiako herria eta justiziaren zein berdintasunaren alde borrokatzen diren iraultzaileak. Gerrillaren fasea atzean utzi dute eta, orain, itxaropenez, beste ibilbide bat hasi dute. Gure elkartasun osoa dute.

Euskal Herrian ere aurrera egin beharra dago, esan bezala, lasaitasun estrategikoarekin, gure nazio izaera eta euskaldunon erabakitzeko eskubidea ukatzen dutenen ahulezia politikoa gero eta agerikoago baita. Izaera konstituziogilea lukeen herri prozesu demokratikoa abiarazteko eta bururaino eramateko garaia iritsi da.

Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista!

Jo ta ke independentzzia eta

sozialismoa lortu arte!

Euskadi Ta Askatasuna

2016ko irailaren 27an