Lore AGIRREZABAL
HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Begiradak adina irakurketa

Asun Agirianok atal honetan argitaratu zuen bere azken haur eta gazte literatura kritikan zioenarekin bat nator; «irakurleari den-dena begi bistan ipintzea baino gauza aspergarriagorik ez dago. Liburuak erantzunak emateko baino, galderak sorrarazteko direla uste dut». Esku artean dudan liburuak ere hamaika galdera iradokiko dizkigu adi bagaude.

“Galtzerdi ezberdina oin bakoitzean” eta “Oin ezberdina galtzerdi bakoitzean”. Bi titulu, liburu bakarrean. Bi istorio, ipuin berean. Biek liburuaren erdian egiten dute topo, bertako protagonistek bezala. Izan ere, liburu honetan bi istorio ditugu; bakoitza liburuaren alde batetik hasten da eta liburuaren erdian amaitzen. Bi ipuin eta bi protagonista noizbait elkartzen direnak liburuari amaiera emanez eta istorioari jarraipen berri baterako aukera oparituz, irakurle edo entzule bakoitzaren irudimenean.

Protagonistetako bat, oin bakoitzean galtzerdi ezberdina janzten duen emakumea da; itxuraz luzea eta laburra, gizena eta argala. Ez bat, ez bestea edo biak batera, segun eta nolako begiekin ikusten dugun. Auskalo! Dakiguna da, behintzat, haren egunak koloretsuak direla. Ilustrazioak ere hala dira, oso koloretsuak.

Bestelakoak dira, dirudienez, beste protagonistarenak: oin ezberdina galtzerdi bakoitzean sartzen duen gizonarenak. Gizon handia eta txikia, iletsua eta burusoila. Bere ingurua neskarena baino monokromoagoa da.

Xehetasun txiki, baina ziurrenik garrantzitsu pare bat: emakumeak ureztagailu bat darama; gizonak, berriz, landare bat bere loreontzian. Ura eta landarea. Osagarriak biak. Batek duena, besteak behar ote du?

Kontua da biek topo egingo dutela ipuinaren amaieran, beste istorio bati hasiera emateko, agian edo ziurrenik. Baina horren amaiera norberak asmatu beharko du. Izan ere, oso amaiera irekia du liburuak, azken ilustrazioan ez baitira protagonisten buruak agertzen eta ez baitakigu zer eragin izan ote duen bakoitzarengan topatze horrek. Ez da ikusten emakumeak gizonaren landarea ureztatzen duenik ere. Soilik, parez pare agertzen zaizkigu, hamaika istorio berri osatzeko aukera paregabea eskainiz. Bi istorio baino gehiago, hortaz, liburu bakarrean.

Lehenengo irakurraldi azkarrean harrituta utzi nau liburu honek eta bigarren aldi lasaiago batean, liluratuta. Testua oso esanguratsua da, iradokitzailea. Oso laburra da, istorio bakoitzeko lehen esaldia bost orrialdetan banatua dago, hitzez hitz. Ondoren, pare bat galdera, zer pentsa ematen dutenak, eta, amaiera. Egitura bera erabiltzen du bai emakumearentzat, bai gizonarentzat. Joan Calçotets Tarragonako idazleak idatzi du eta Armand ilustratzaile bartzelonarrak ilustratu du, collage eta teknika digitalen bidez. XX. mendeko arte-abangoardiaren ukitua dutela dirudi. Ausarta da. Gehienetan protagonisten irudiak moztuta agertzen dira, irudiaren zati bat ezkutuan utziz, eta, bide batez, irakurlearen begirada beste elementu batzuetara bideratuz.

Bai testua, bai ilustrazioa elkarren osagarri dira; izan ere, orrialde askotan testuak bere laburtasunean ematen ez dituen xehetasunak “irakur” ditzakegu ilustrazioetan. &hTab;

Tarragonako Piscina Un Petit Oceá argitaletxeak argitaratu zuen 2014an eta haur literaturako Serra D’Or kritika saria eskuratu zuen 2015ean. Aurten argitaratu dute bigarren edizioa katalanez. Ingelesez eta euskaraz ere argitaratu da, Maitane Arnaiz Etxenausiak itzulita.

Argitaletxeak bere webgunean azaltzen duenez, haur eta gazteentzako nahiz helduentzako ipuin ilustratuetan espezializatutako proiektu editoriala da. Ausartak dira beren argitalpenek erakusten dutenez, eta hala aitortzen dute beraiek ere, beren igerilekuak ozeanoak bezain zerumuga urruna duela esatean.