Maider IANTZI

BARRUKO ZORIONA KEZKA ETA GAITZESPENA DA KANPOAN

BI MUNDUREN TESTIGU IZAN GARA METRO GUTXI BATZUETAKO ESPAZIOAN. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAREN BARNEAN POZARREN AURKEZTU DUTE ERRAUSTEGIAREN ESLEIPENA (HORI BAI, «ERRAUSTEGI» HITZA EKIDINDA). BITARTEAN, TXISTU OZENA ADITZEN DA ATEAN, HERRIALDE OSOTIK ETORRITAKO MILAKA LAGUNEN PROTESTA.

Goiz intentsua eta batez ere kontraesanez betea izan da erraustegiaren esleipenarena. Lehenbizi GuraSOS zur eta lur, epaileak oraindik ez diolako erantzun esleipena gelditzeko jarri duen helegiteari eta erantzuna iritsi baino lehen emanen diolako, une horretantxe, GHK-ko batzarrak argi berdea proiektuari.

Handik korrika Gipuzkoako Foru Aldundira, Markel Olano ahaldun nagusiak eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak esleipenaren berri emanen dutelako. Prentsa oharra utzi digute mahai gainean, azaldu dutenez zoriona bertzerik ez dakarren “Gipuzkoako Ingurumen Gunearen” inguruko txostenarekin batera. GHKren batzarra atzeratzen ari da eta urduritasuna handitzen ari da kazetarien artean. Kanpoan protesta hastekotan da eta ezin bi lekuetan une berean egon.

Agintarien irribarre zabalak ikustetik jendearen kezka aurpegien eta protesta irmoaren testigu izatera pasa gara Aldundiko atea zeharkatu orduko. «Ez, ez, ez, erraustegirik ez!» oihua indartsu sartu zaigu belarrietatik eta erraustegiaren karroza antzeko batetik botatzen ari diren errautsak zikindu gaitu. «Atera daitezela kalera eta entzun gaitzatela!», eskatu du manifestazioa deitu duen Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak.

Gipuzkoa osoko jendea

Hautsa eta kea botatzen duten tximinien gibeletik “Ez onartu erraustegi kriminal hau. Lapurreta” lelodun pankarta doa eta honen atzean astearte buruzuri batean Gipuzkoa osotik etorritako milaka herritar, tartean familia pila bat, hainbat alderdi politiko, sindikatu, zinegotzi eta eragile lagun. Herri bakoitzak bere kartela darama eta izenaren azpian zenbaki bat dute jarrita, azpiegitura honek ekarriko dion zorraren zenbatekoarena.

Osasunaren alde garrasika ari dira. “Negozio pribatua, miseria publikoa!” diote. Buelta bat eman ondotik erakundearen atarian gelditu eta agiri bat irakurri dute, azkenean, beren borondatearen kontra, esleipena egin bada ere, ez dutela itxaropenik galtzen eta borrokan segituko dutela azpimarratuz, «nahiz eta ondoko etxe honetakoak gorrak diren». Hagitz positibotzat jo dituzte «bildutako jendetza, honen berotasun eta oihuak, eta alternatiba hobe bat aurkitzeko gogo bizia».