GARA
IRUÑEA

Manifestaldia bihar Iruñean, San Lorentzoko itxialdiaren amaieran

Presoen aldeko mota guztietako ekitaldiak ari da pizten Kalera Kalera ekimena. Iruñean, esaterako, San Lorentzo elizan itxialdia abiatu zuten atzo zenbait lagunek, bihar arte luzatuko dena. Elizaren aurrealdetik bertatik, Errekoleten plazatik, abiatuko da bihar espetxeak hustearen aldeko manifestazioa, 19.00etan hain zuzen ere. Itxialdiaren amaiera manifestazioak markatuko du.

Ekimenaren aurkezpenean Alberto Matxain eta Garazi Autor preso ohiek nabarmendu zutenez, EPPK-k abian jarri duen hausnarketa prozesuak kalean daudenen sostengua ere izan behar du. «Zuekin gaude, eta elkarrekin egingo dugu bidea», adierazi zuten.

Bestelako ekimenak ere iragarri dira egunotarako Iruñean. Gaurkoan, adibidez, bertso-balkonada egingo da Nabarreria plazan, 19.00etatik aurrera.

Bitartean, Usurbilgo Kaleragunean Iñaki Egaña historialariak hitzaldia eman zuen atzo, errelatoaren inguruko eztabaidari helduz. Gazte independentista askoren bisita espero dute gaur Usurbilen bildutako lagunek.