Ion SALGADO
GASTEIZ

Majarenasen amak salatu du alabak ez duela Izarrekin harrera-etxetik irteterik

Joan den astean Jose Luis de Castro Auzitegi Nazionaleko epaileak Sara Majarenasi arratsaldero alabarekin zentrotik ateratzeko baimena eman zion, baina oraindik ezin izan du kalera atera. Bere amak atzo salatu zuenez, presoak hamabost egun daramatza Madrilgo pisuan.

Joan den astean Jose Luis de Castro Auzitegi Nazionaleko epaileak Sara Majarenasi arratsaldeetan alabarekin harrera-etxetik ateratzeko baimena eman zion, Izarrek «argitasuna, airea, eguzkia eta parkean jolasteko beharra» duelako. Presoak, ostera, ez du zentrotik ateratzeko baimenik jaso. Hamabost egun darama harrera-etxetik atera gabe.

Hori salatu zuen atzo euskal presoaren amak, Kontxi Ibarretak, Bakartxo Tejeria Gasteizko Legebiltzarreko presidentearekin bildu ostean. Sara Izarrekin etxera plataformako kide batek lagunduta, komunikabideen aurrean azaldu zuenez, arratsaldeetan Madrilgo harrera-zentro horretatik ateratzeko aukera onartu zuen Auzitegi Nazionaleko epaileak, «baina gero ez dute bete eta babesik gabe utzi gaituzte».

Izarren kasua larria da. Aitak egindako zauriak sendatzen asteak eman behar izan ditu ospitalean haurrak, eta gaur egun kalera atera ahal izateko bere aitona edo amonarekin egin behar du. Haiek joan behar dute Madrilera Izar kalera atera edo medikura eraman ahal izateko.

Asteburuan joan behar izan dute aitona-amonek, esaterako, haurrak behar duen mediku-laguntza jaso ahal izateko, gernu infekzioa duela-eta. Hala, Izarri egin beharreko azterketa medikoak ez dizkiotela egin kritikatu zuen Ibarretak.

Aitak eraso zuenean, birika zauritu zion eta ez diote proba medikorik egin «bere ama ezin delako etxetik atera». «Egoera larrian gaude», gaineratu du Izarren amonak.

Amaitzeko, euskal erakundeen laguntza eskatu du; «bakarrik ezin dugulako». «Izarren egoera hobetzeko etxean egon beharko luke, bere amarekin. Bere familiaren babesa behar du», nabarmendu du Ibarretak, bere bilobaren egoera fisiko eta psikologikoaz oso arduratuta.

Elkarretaratzeak

Bestetik, atzo ere elkarretaratzeak egin ziren euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko. Herritarrek kontzentrazioak egin zituzten Euba (7), Iruñea (57), Ataun (18), Gernika (35), Iurreta (35), Zaldibia (18), Astrabudua (11), Ondarroa (33), Laudio (54), Otxarkoaga (14) eta Altzan (17). Hurrengo egunetan errepresaliatuen aldeko elkarretaratzeak izango dira Euskal Herriko hamaika txokotan.