Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Norman Manearen aberrirako itzulera, euskarara ekarria

Erein eta Igela argitaletxeen eskutik, euskaraz irakurgai dago errumaniar literaturako idazle ezagunenetarikoaren autobiografia nobelatua. Koro Navarrok itzulitako «Huliganaren itzulera»-n, Norman Maneak bizi izan zuen erbestealdia eta aberrirako itzulera kontatzen ditu.

Errumaniako ipar-ekialdeko Bukovina estatuan jaio zen Norman Manea, 1936an. Judua zen Manearen familia eta Bigarren Mundu Gerran, gerora Errumaniako idazle ezagunenetakoa izango zen autoreak bost urte besterik ez zituela, Transnistriara deportatu zuten familia osoa. Ceaucescuren garaian kontzentrazio-esparruak ere ezagutu zituen eta, berrogeita hamar urte zituela, Errumania utzi eta erbestearen aldeko hautua egin zuen. Berlinera joan zen lehenik, eta AEBetara ostean.

«Ederki kostata barkatu dio Errumaniak deserritzea: makina bat bider idazlea salatu ondoren errumaniar betea, behar bezain abertzalea, ez izateaz eta abarrez, azken urteotan herriak bakeak egin ditu bere idazle nagusiarekin», ekarri du gogora Koro Navarro itzultzaileak “Huliganaren itzulera” liburuaren hitzaurrean. Argitalpena Erein eta Igela argitaletxeen elkarlanetik sorturiko Literatura Unibertsala bildumaren barruan dago eta Navarrok berak ekarri du euskarara.

“Huliganaren itzulera” Manearen autobiografia nobelatua dela azaldu zuen Ereineko editore Iñaki Aldekoak. Idazle errumaniarra 60ko hamarkadan hasi zen idazten eta, bere lanetan, batez ere Holokaustoaz, Errumania komunistako eguneroko bizitzaz eta erbesteaz mintzatu zen. Aldekoak nabarmendu zuenez, bere autobiografiaren ispilu den eleberri honetan Maneak hamar urteko erbestealdiaren ostean Errumaniara itzultzen deneko unea du ardatz. «Nobela hau autobiografia nobelatua baino zerbait gehiago da; azpititulu gisa daraman ‘Bizitza bat’ hori adierazgarria da», azaldu zuen, eta gaineratu zuen lanak gogoeta filosofikotik eta bidaia fisikotik, bietatik duela. «Memoriara egindako bidaia ere bada, iraganeko mundura egindakoa. Liburuan dagoen mundu hau urruti geratzen zaigu, Balkanetatik haragoko herriak urruneko egiten zaizkigu, gure erreferente historikoetatik urrun dagoen herria da Bukovina», ziurtatu zuen. Kontakizunean zehar irakurleak topatuko dituen hiru eremu nabarmenak ere aipatu zituen Aldekoak: batetik, «juduen mundua» eta bertan amak jokatzen duen papera aztertzen dituela esan zuen; bigarrenik, Errumaniako «unibertso literarioa» ezagutzeko parada ere ematen duela nabarmendu zuen; eta, azkenik, «erabakiak hartu beharraren bertigoa» ere agertzen duela zehaztu zuen Aldekoak.

Miresmena

Koro Navarro itzultzaileak Errumaniarekiko sentitzen duen miresmena agertu zuen liburuaren aurkezpenean. Bertara egindako bidaiako irudiez osatutako ikus-entzunezkoa ematearekin batera, Errumaniaren historiaren gaineko zehaztapenak eta lurralde-banaketaren nondik norakoak argitu zituen, Manearen liburuari testuingurua eraikitze aldera. Besteren artean, autorea jaio zen eskualde errumaniarreko hiriburua zena, Cernauti, egun Txernivsti deitzen dela eta Ukrainan dagoela zehaztu zuen, baita hiri hori XX. mendean zehar sei estatu ezberdinen barnean egona dela ere. Itzultzailearen hitzetan, hori Maneak bizi izan zuen garaiko giro nahasiaren adierazle da.

Obraren gainean, esan zuen irakurtzeko zein itzultzeko «luzea eta zaila» dela eleberria, baina «askotan gertatzen da irakurtzeko zaila izatea, eta behin kontakizunean sartuta oso polita dela». Bere iritziz, hala gertatzen da Manearen kontakizunean. Hala, eleberria hiru atal nagusitan banatzen dela esan zuen eta irakurleari gehien interesatuko zaiona bigarrena da, bere iritziz: «Zoragarria da, bere txikitako historia, memoria nahiko konbentzionala kontatzen du». Lehen zatian, bere herrira bisitan joatera gonbidatzen dutenean idazleari sortzen zaizkion «zalantza eta beldurrak» dira nagusi. Bigarrenean, esan bezala, memorian atzera egin eta haurtzaroko oroimen eta bizipenak ditu oinarri eta, azken atalean, hamar urteko erbestealdiaren ostean jaioterrira egiten duen bidaia fisikoa kontatzen du autoreak.