Maider IANTZI
IRUÑEA

180 ikertzaileren arteko sarea izanen da Iruñeko Ikergazte

Zientziaren eta euskararen arteko lokarria da Ikergazte, baita ibilbide gazteko eta diziplina ezberdinetako 180 ikertzailerena ere. Tesia egiten ari direnak, bukatu berri dutenak eta ikerketa taldea martxan jarri dutenak elkartuko dira. Izena emateko aukera dago oraindik.

Orain bi urte Durangon egin zuten lehenbiziko Ikergazteren xede berberak izanen ditu heldu den asteazkenetik ostiralera Iruñean izanen den bigarrenak. Alde batetik, diziplina ezberdinetako ikertzaile euskaldunen arteko sarea jorratzea. Bestalde, euskarazko ekoizpena handitzea. «Ikerketa zabaltzeko euskarazko argitalpen kopurua ez da nahikoa, eta euskara erabiltzea bultzatu nahi dugu», agertu dio Miren Josu Omaetxebarria kongresuaren koordinatzaileak GARAri. Hirugarrenik, euskaraz egindako ikerketaren erakusleiho bat izatea espero dute.

Gerta daiteke ikertzaile bakoitza bere eremuan buru-belarri aritu eta elkarrekin harremanik ez izatea. Horregatik, helburu bat da ikertzaile guztiek jakitea jendea bertze alorretan zertan dabilen, interesgarria izan daitekeelako norberaren ikerketarako bertze diziplina bateko ikertzaile baten lana. Horrelako adibideren bat badute duela bi urteko Ikergazten. Entzuleen artean zegoen ikerlari bati emandako hitzaldi bateko informazioa interesatu, eta handik abiatuta elkarlan bat hasi dute.

Kongresuaren izen-ematea ongi joan da. Dagoeneko 180 ikerlarik biltzeko asmoa dute Iruñeko NUPen. Izena eman daiteke oraindik. Ostiralean Elin Haf Gruffydd Jones-ek emanen duen hitzaldia irekia izanen da, baina apuntatu egin behar da.

«Gai oso-oso anitzak jaso ditugu, eta hori inportantea da», nabarmendu du Omaetxebarriak. Gernikan jaioa, EHUko Biokimika eta Biologia Molekularra saileko irakaslea da eta bere arlotik, zientzietatik, solas eginez, minbiziaren, diabetesaren edo zeliakoen gaineko lanak jaso dituztela azaldu du. Ikerlan aunitz biomedikuntzakoak dira.

Diskriminazio positiboa

Lanok zientifikoki «oso onak» direla erran du. «Euskaraz idaztearen aldetik, gehiengoak oso ondo egiten du hori ere, baina egia da badagoela ehuneko txiki bat ez daukana ohiturarik edo ohitura galdu duena, hain zuzen ere euskarazko argitalpenek ez daukatelako gaur egun balio larregirik curriculumetan. Ikerketaren zabalkundea mundu mailakoa da, hala izan behar du, eta hori ingelesez egiten da, baina hemen, Euskal Herrian egiten den zabalkundeari indarra eta balioa eman behar zaio. Aintzat hartuko balitz, ikertzaile gehiagok hartuko lukete erabaki hori eta gaur egun abian dauden dibulgazioko eta ikerketako euskarazko aldizkarietan argitaratuko lukete», aldarrikatu du.

Berriro zientziatik mintzatuz, ikertzaileen curriculumari balioa ematen diona nazioarteko aldizkarietan argitaratzea dela baieztatu du. «Beste gauza bat da gure gizartea kritikoa izango bada derrigorrez azaleratu eta erakutsi behar dela ikerketa mailan Euskal Herrian zer egiten den. Euskaraz lan egiten baduzu, eta ikertzaile askok eta askok hala egiten dute, lan hori euskaraz argitaratzea natural ikusi beharko litzateke. Azken urteetan balioren bat eman zaio. Seguruenik, ez behar beste, ez diskriminazio positiboa izateko beste. Pausotxoak ematen ari dira, baina uste dut sendoagoak izan beharko luketeela».

Ikerketa eta euskara lotzearen alde diskriminazio positiboa egin behar da, bere iritziz. «Giza eta gizarte zientzietan pausotxo bat aurrerago daude. Zientzian, euskara eta ikerketa ez dut uste oso lotuta egon direnik».

Ikergazte Iruñean egitea bera garrantzitsua da. Erronkatzat hartu zuten, «UEUren xede estrategiko bat» ere badelako, eta pozarren daude erantzunarekin. Euskal Herriko bertze unibertsitateen babesa dute, gainera. Kongresua hiru eguneko barnetegi moduan antolatu dute eta nahi duenak lotan gelditzeko aukera izanen du.