M. I.
lekunberri

Auzolan itzela Mendialdean, une oro jende pila bat lanerako prest

Herri guzietan errepikatzen den giro eta parte hartze ederraz gain, bakoitzak baditu bere bitxikeriak eta horiek kontatuko dizkizuegu hemen. Larraunek hamazazpi herri ditu eta horietako hainbatetan elizako ezkilekin deitu dituzte bozkatzera bizilagunak. Zirraragarria izan da.

Lekunberrin, musikarien hiru zutabe egon dira: txistulariena, trikitilariena eta batukadarena. Eta denak elkartu dira gero. Ekitaldi politikoa egin dute eguerdian eta Mendialdeko bertze herriekin konektatu dira zer moduz zihoazen jakiteko. Une hunkigarria izan dela kontatu digute. Ondotik, 180 lagun bildu dira bazkaritan, frontoian.

Mahairik gazteena

Betelun ere jai giroan ibili dira, txikiago, xumeago. Eta arratsaldean, mahairik gazteena osatu du 17 urteko lagun talde batek.

Goizuetan hagitz goiztiarrak izan dira eta goizean goizetik sekulako parte hartzea izan da; 13.00etarako %30ak emana zuen iritzia. «Oso hunkigarria izan da», adierazi dute. Plazan zumba saio bat ere egin dute. Abesbatzako kide guztiek boto aurreratua eman zuten, kantaldia zutelako atzokoan, baina 19.30etarako iristekoak ziren eta Gure Esku Dagorentzat abesteko asmoa zuten.

Pilotariek ere ez dute hutsik egin. Goizuetan fin-fin eman du botoa, adibidez, Aimar Olaizolak, eta, Leitzan, Oinatz Bengoetxeak.

David Anaut parlamentari nafarrak ere eman du iritzia hemen. Mendiko motor gainean hautetsontziraino hurbildu denik ere izan da. Goiz erdialdean, sekulako ilara sortu da eta arratsalderako bi mahai jartzea aztertzen ari ziren.

Kubatar kuadrilla batek ere bozkatu du. Aipagarria da kanpotik etorritako jendearekin egin den lanketa polita.

Ekimenak belaunaldi ezberdinak biltzeko duen gaitasunaren adierazgarri, 18.00etan puntuan 96 urteko Mikela da bozkatzekoa, 97 urteko Ramonekin batera. Mende bat bizi izan dira ia eta bozkatu eginen dute azkenean.

Herriz herriko errepasoa eginda, hitz batekin definituko lukete antolatzaileek eguna: auzolana. «Izugarria da zenbat jende inplikatu den, ez mahaietan egoteko soilik, orokorrean; jaia eta kultur egitaraua prestatzeko, adibidez. Momentu oro jende pila egon da lanerako», azpimarratu dute.

Basaburua eta Imotz

Imotz eta Basaburuan ere kontent dira. 11.30etik bazkalordura arte martxa polita izan da eta arratsaldean animazio gehiago espero dute. Zumba prestatu dute hemen ere, baita zirkoa ere.

«Goiza oso ongi joan da: gosaria egin dugu, gero herri kirolak, pilota... Dena jai giroan», azaldu dute herritarrek.

Bertze herri aunitzetan bezala, hauetan ere hiru belaunalditako familiak joan dira elkarrekin botoa ematera, aitatxi-amatxi, guraso eta seme-alabak.

Eskualde honetako pertsona esanguratsuen artean, Igor Arroyo LABeko Nafarroako bozeramaileak baliatu du erabakitzeko aukera.