GARA
PARIS

Israelen segurtasunari «babes hutsezina» eskaini dio Macronek

Emmanuel Macron presidenteak Estatu frantsesaren «hutsik gabeko babesa» eskaini zion atzo Israelgo Estatuaren segurtasunari, Benjamin Netanyahu lehen ministroaren aurrean. Palestinako gatazkari dagokionez, Parisen betiko posizioari eusten dio presidente berriak; hau da, lurralde hartan bi estatu sortzean oinarritzen den konponbidearen alde, eta horretarako Tel Aviveko agintariek kolonizazio politika bertan behera utzi beharko lukete.

Eliseo jauregian hartu zuen Emmanuel Macron presidenteak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Bien arteko lehen bilera horretan anfitrioiak berretsi zuen Estatu frantsesak Israelgo segurtasunari bere «babes hutsezina» eskaintzen jarraitzen duela.

Hori bai, Parisek Palestinan bi estatu sortzean oinarritutako konponbidearen aldeko apustuari eusten dionez, era ofizialean bederen, lurralde okupatuetako kolonizazio politika aipatu beharrean ikusi zuen bere burua Macronek. Horretarako diplomazialarien hizkera erabili zuen: «Praktikan bakerako eta negoziaziorako baldintzak kinkan ez ipintzea bermatu behar da, eta guztiek nazioarteko zuzenbidea errespetatu dezatela». Ondoren presidenteak argitu behar izan zuen «kolonietan etxebizitza gehiago eraikitzen jarraitzeari» buruz ari zela.

Parisen arabera, «muga seguru eta onartuekin eta Jerusalem hiriburu dela» eratu behar da bigarren estatua, eta horretarako bi herrien arteko negoziazioak beharrezkoak dira.

Baina bere solaskideak bestelako asmoak ditu. Macroni erantzun zion «palestinarrek ez dutela estatu judu independente bat onartu nahi», mugak edozein izanda ere. Beraz, anfitrioiak nahi duena betetzerik ez legoke, beste aldeak (palestinarrak) nahi ez duelako, Tel Aviv bi estatuen konponbidea onartzeko prest balego bezala.

Netanyahuk askotan ipintzen du bere herria beste indarren biktima moduan. Parisen ere horrela egin zuen. Horretarako elkarren aurka dauden ISIS Estatu Islamikoa eta Iran aipatu zituen, edozein unetan israeldarren aurkako erasoak egin ditzaketelakoan.

Israelgo agintariak berretsi zuen ez dela fidatzen Iranek 2015ean munduko potentzia nagusiekin bere arma nuklearrak garatzeari uko egiteko sinatu zuen itunaz. Konpromiso haren truke herrialdearen aurkako zigorrak bertan behera uzten ari dira potentzia nagusiak.

Macronek israeldarra lasaitu nahi izan zuen, sinatutakoa era zorrotzenean bete dadin erne egongo dela esanez.

Siriako gatazka ere aztertu zuten bi agintariek. Frantsesak nabarmendu zuen inor baztertuko ez duen trantsizio jasangarria behar dela. Parisek zertxobait aldatu du bere posizioa, orain arte ezinbestekotzat ematen baitzuen Baxar al-Assad presidentea kargutik kentzea, eta orain helburu bakarra «terrorismoaren aurkako borroka» da.

 

La redada que llevó a 13.000 judíos a los campos nazis

Macron conmemoró ayer el 75 aniversario de una redada en la que la Policía francesa, durante el régimen colaboracionista con los nazis de Vichy, detuvo a 13.000 judíos en una ceremonia a la que asistió Netanyahu. El israelí agradeció en francés la invitación de Macron, un «gesto muy, muy fuerte» que «da fe de la larga y profunda amistad entre Francia e Israel». Era la primera vez que un primer ministro israelí acudía a una ceremonia que rememora uno de los episodios más sombríos de la historia francesa. Macron recordó que fue el Estado francés quien llevó a cabo aquella redada, siguiendo la línea de todos los presidentes franceses desde 1995. Los días 16 y 17 de julio de 1942, la Policía detuvo a 13.152 judíos, a petición de los nazis. Durante cuatro días, los arrestados vivieron apiñados, en condiciones inhumanas, en las gradas del Velódromo de Invierno de París (destruido en 1959), antes de ser enviados a otros campos en el Estado y, posteriormente, al campo de exterminio de Auschwitz.GARA