GARA
DONOSTIA

Hogei urteko ibilbideari begi berriz behatuko dio Aukeran-ek

Bi hamarkada joan dira Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoak Aukeran dantza taldea sortu zuenetik. Dantza tradizional eta garaikidearen arteko zubiak eraikitzen dituzten obrak osatu dituzte eta, lan berrian, horien gaineko begirada berria ekarriko dute.

Aukeran dantza taldeak hogei urteko ibilbidea egina duela ospatuko du 2017an eta horretarako ikuskizun berri bat prestatzen dabil, taldeko koreografo eta dantzari Edu Muruamendiarazek iragarri duenez. Lan berri honetan, ibilbide horretan egin dituzten obrak «begirada berriaz» behatzeko asmoa dutela ere azaldu du.

“Aukeran 20 urte” osatzeko Ainhoa Aierberen laguntza izango dute eszena zuzendaritzarako eta musika zuzendaritza lanetan, aldiz, Mixel Ducau ariko da. Urteurrena «antzezleku garrantzitsuenetan» eta «landua eta dotorea» izango den ikuskizun batekin ospatuko dutela nabarmendu dute Aukeran-ekoek, «urteurrenak merezi duen neurrian!». Obra berria azaroaren 5ean aurkeztuko dute, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.

Aukeran 1997. urtean sortu zuen Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoak, Donostian. Dantza tradizionalaren eta garaikidearen mestizajea izan ditu oinarri eta bide horretan «dantza zein musika tradizionalaren erritmoa zein arauak hautsi» dituzte, horiek «geldotu edo desegituratuak» geratzeraino.

Konpainiak sortu eta urtebetera aurkeztu zuen bere lehen obra, “Sutargi”, eta kritika onak jaso zituen Euskal Herrian zein atzerrian. 2003an, “Izena den guztia omen da” bigarren sorkuntza lanarekin konpainia egonkortu eta sendotu egin zen «eta horren gailurra izan zen Manilara bidaiatu izana, Cultur Center of Philippinek gonbidatuta», ekarri dute gogora. Hiru urte beranduago, etxean, Donostiako Antzerki Ferian “Bideak” aurkeztu zuten. Obrak publikoaren saria jaso zuen Azpeitiko Antzerki Jardunaldietan. Lehen hamarkada ospatzeko, aurreko obretako koreografia aipagarrienak biltzen zituen ekoizpena osatu eta Euskal Herriko antzokietan aurkeztu zuten 2007an.

Gernikatik Mauriziaraino

Bigarren hamarkadari hasiera “Gernika, mihisearen gaineko dantza” obrarekin eman zioten. Garbi Losadaren zuzendaritzapean, Jose Antonio Vitoriaren gidoiarekin eta Aitor Amezagaren musikarekin osatutako obra Victoria Eugenia antzokian inauguratu zuten, DFeria azokaren barnean. Obra Euskadiko Orkestra Gaztearekin ere eman zuten Bilbo, Gasteiz eta Donostian eta, Argentina eta Uruguaira ere eraman zituen lan honek, «han jasotako harrera oso ona izanik», ziurtatu dutenez.

2011n Arriaga antzokiarekin elkarlanean ekoitzi zuten “Burnia”, Unai Elorriagaren gidoi eta Fernando Velazquezen musikarekin. Zuzendaritza lanak Muruamendiarazek eta Carlos Roo-k partekatu zituzten. «Burnia oinarri, Bizkaiko hiriburuaren historia errepasatzen da obra horretan», ekarri dute gogora. Atzera Donostian, 2014an Victoria Eugenian “Geltokia” oholtzaratu zuten, Miren Agur Meaberen testuekin, Xabier Zeberioren (Alos Quartet) musikarekin eta Enrique Santiagoren zuzendaritzarekin. «Maletak bezalako elementuak erabili genituen, gizabanakoen aniztasun eta nortasunaren adierazle modura», nabarmendu dute.

2014an Arriagarekin elkarlanean “El caserio” zarzuelan aritu ziren eta 2015ean “Fusioak” kale ikuskizuna aurkeztu zuten, Muruamendiaraz zuzendari zela: «Plastizitate kalitate handiko ikuskizuna da, kultura desberdinen esentzia duena eta, guztiaren gainetik, ikuslea emozionatzea helburu duena». Urtebete beranduago, Loraldia jaialdiaren barnean aurkeztu zuten “Maurizia”: «Emakume guztiei omenaldia da, Maurizia Aldaiturriagak bezala familia aurrera atera behar izan dutenak gerra eta eskasia nagusi ziren garai zailetan». Karmele Jaioren hitzak ere bildu zituzten obra honetan eta «arrakasta handia izan zuen programatzaile, publiko eta kritikaren aldetik».

Horrez gainera, bere ibilbidean zehar hainbat kolaborazio ere egin ditu. Besteren artean, Alos Quartet musika taldearen “Garden” lanaren aurkezpen biran eta Anne Etchegoyenen eta “Compostellae” lanaren Pariseko aurkezpenean izan ziren.