Ion SALGADO

KATALUNIAREN ALDE, ESTATUAREN AURKA

EHUNKA HERRITARREK PARTE HARTU ZUTEN ATZO HEGO EUSKAL HERRIKO HIRIBURUETAN DEITUTAKO MANIFESTAZIO ETA ELKARRETARATZEETAN. GASTEIZEN KANPALDIA EGIN ZUTEN KATEDRAL BERRIAREN PLAZAN ETA IRUñEAN KAZEROLADA EGIN ZUTEN PPREN EGOITZAREN AURREAN.

Elkarretaratzeak eta manifestazioak izan ziren atzo Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Kataluniari elkartasuna adierazteko eta 78ko erregimena salatzeko. Gasteizen ehunka lagun bildu ziren Andre Maria Zuriaren plazan, bertatik atera baitzen manifestazio zaratatsu bat. Hori amaitzean dozenaka gazte katedral berriaren plazara hurbildu eta kanpaldia egin zuten. Iluntzean, udaltzainek identifika arazi egin zituzten; sei lagun eraman zituzten.

«Azken asteetan argi geratu da frankismoaren jarraipena den 78ko erregimena inoiz bizi izan duen krisirik sakonenean murgilduta dagoela. Kataluniak abiatutako autodeterminazio prozesuak espainiar Estatua bera kolokan jarri du, honen lurraldetasunaren batasunean oinarritzen baita erregimena», esan zuten bildutakoek.

Donostian ere manifestazioa egin zuten. Intxaurrondoko kuartelera hurbildu nahi zuten, baina Ertzaintzak galarazi egin zuen. Bilbon ere ikusi ziren esteladak eta ikurrinak. Manifestazio honetan parte hartu zutenek hiru bira eman zituzten Espainiako Gobernuak Bizkaian duen Ordezkariordetzaren inguruan.

Iruñean manifestazioa “Demokrazia eta erabakia” lelopean egin zuten. 19.00etan kazerolada PPren egoitzaren aurrean.