Maider IANTZI
MUGAK NAZIOARTEKO ARKITEKTURA BIENALA

ADINEKOENTZAKO ETXEEN GAKOAK, 20 URTEKO IKASLEEN BEGIRADA FRESKOTIK

DONOSTIAKO MIRAMAR JAUREGIA ITXURALDATUTA DAGO ASTE HONETAN, EHUKO ARKITEKTURA ESKOLA TEKNIKOKO 600 IKASLEK BERTAN EZARRI DUTELAKO IKASGELA. ERAKUSKETA, TAILER ETA ESPAZIO IRUDIMENTSU UGARIREN ARTEAN, ADINEKOEKIN EGIN DUTEN TOPAKETA AUKERATU DUGU. EURENTZAKO ETXE BERRIAK PROPOSATU DITUZTE.

Parkean gora Miramar bistaratu orduko ohartu gara ez dela betiko jauregia. “Mugak” nazioarteko arkitektura bienalaren lehendabiziko asteko protagonista izan dira EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko 600 ikasle; hitzaldiak eman dituzte, erakusketak sortu, tailerretan parte hartu... Eraikina irudimenez eta biziz bete dutela nabari da. Jendearen, etxeen eta espazioen marrazki, argazki eta proposamenen artetik ailegatu gara solasaldia izanen den aretora.

Beteta dago eta hitzaldiak iraun duen ordubetean atea itxi eta ireki ibili da etengabe, beti jendea sartzen. Interesgarria izan da adineko pertsonak eta Arkitekturako hirugarren mailako ikasleak, 21 urte inguruko gazteak, topatu direlako, nahiz eta hauen proiektuak aurkeztuz bozgorailu lanak irakasleek egin dituzten, Ula Iruretagoiena, Jon Begiristain eta Ibon Telleriak.

Agertu dutenez, Donostia Lagunkoia Udalak bultzatutako ekimeneko kideak joan ziren eskolara proposamenarekin, eta adinekoentzako etxeez hausnartzen jarri zituzten gazteak. Horixe da lan honen balioa, ikasleen buruetatik (esperientziadun arkitektoenak baino xalo eta freskoagoak) atera direla adinduen etxeen diseinuak.

Lehenbiziko urratsa gogoeta egitea izan da, zeregin hau ez baitzen gazteen buruetatik pasatua ere lehenago. Lehenengo ikararen ondotik, hausnarketa baliagarriak atera dira: harremanez, etxebizitza aldatzearen erranahiaz, espazio komunez, intimitatearen beharraz... Bizimodu komunitarioago bat sustatu nahi dute gazteek. Adin guztiak premiazkoak eta osagarriak direla eta elkarren beharra dutela ere kontuan hartu dute. Hala, belaunaldi guztiek konpartitzeko asmoarekin irudikatu dituzte etorkizuneko etxebizitza komunitarioak.

Nola hobetu harremanak?

Espazio publikoaren eta pribatuaren artean zein espazio sor daitezkeen pentsatu dute, ezagutzen dutenaren oinarritik abiatuta. Gaurko etxeetan gutxienekora murrizten da espazio komunitarioa, eskailera eta igogailuaren gune txikira. Honen inguruko analisi kritiko bat egin eta eskolan egunero erabiltzen duten ikasgela jarri dute adibide on bezala. Espazio komun honek ongi funtzionatzen du. Zabala da, baina zabaltasun horren barrenean gune bilduagoak ere baditu, babesa ematen dutenak.

Naturarekin harremana bilatu dute, eta erabiltzen ez diren guneak berreskuratzea ere bai, patioak eta galeriak kasu. Hauek harreman sozialetarako aukera ederra izan daitezke. Komunitatea eta komunikazioa arkitekturatik nola hobetu hausnartu dute. Guneak pentsatu dituzte jendea altuera desberdinetan egoteko, elkar ikusiz. Entzuna izatea zein garrantzitsua den ere nabarmendu dute. Gu aldatzen garen heinean etxea ere aldatzea bilatu dute, hau da, espazioak pertsonen beharretara egokitzea. Irakasleek erran dutenez, hau dena araudia ezagutuz baina marko libreago batean lan eginez.

Eguberrietara arte luzatuko da ibilbidea eta erdibidean tailer bat egin dute orain arte egindako lana azkar batean aplikatzeko. Erabiltzen ez diren beheko solairuei erabilera emateko diseinuak aurkeztu dituzte, Donostiako Atotxako Dorreen adibidearekin. Elkarri begiratzen dioten etxeak planteatu dituzte, erdian patioa sortzen dutenak. Hiru bizitza batean biltzen dituen etxea ere bai: hiru espazio independente, baina etxe bakar batean bilduta.

Entzuleek gustura eta esker onez hartu dituzte gazteen ideiak, nahiz eta emakume batek ongi erran bezala, proiektu hauek ez diren eurentzat: gaurko gazteen etorkizuneko etxeak dira. Bizitzaren etapa desberdinetan erabiltzeko moduko etxe bat diseinatzea aurreztea dela eta, zenbat diru kostako den soilik ez, norantz joan nahi dugun ere pentsatu behar dela nabarmendu dute. Marrazkien irudimena araudietara eramatea proposatu dute, on egiten ez duten mugak gainditzeko.